Oso harro dago bereziki Lasarte-Oriako kartelaren emaitzarekin. Mota guztietako kritikak jaso dituela ere aitortzen du gazteak, “kritika txarrek, edo ez hain onek aberasten dute gehien”.
Zure kartelak iragartzen ditu San Pedroak. Zergatik aurkeztu zinen lehiaketara?
Iaz berandu jakin nuen kartel lehiaketarena eta pena handia hartu nuen. Aurten lagun batek esan zidan eta lana aurkeztera animatu nintzen.
Usurbilen ere egitaraua diseinatzeko lehiaketa martxan jarri zuten eta hau ere irabazi egin dut. Ordu erdiko diferentziarekin jakin nuen biak irabazi nituela eta poza izugarria hartu nuen, ez nuen inolaz espero. Momentuan sinestu ere ez nuen egiten.
Zer suposatzen dute sariek?
Diseinuan ari garenontzat garrantzitsuak dira halako lehiaketak irabaztea. Kurrikulumerako oso onak dira eta normalean lana bilatzeko garaian oso kontutan hartzen dira. Aurretik parte hartu izan dut beste lehiaketa batzuetan, asko ez, denbora behar delako behar bezalako lan bat aurkezteko, eta orain arte ez da zorterik egon.
Zertan oinarritu zinen lanean hasteko garaian?
Nik uste dut eragina duela zure herriko festen kartela izatea. Kartela egiteko garaian, festak sentitzen dituzun bezala islatu nahi dituzu ere, jaiak ondo ezagutzea garrantzitsua da. Lasarte-Oriako jaiak anitzak dira, asko dira ekintza garrantzitsuak eta desberdinak ere parte hartzen duten taldeak eta azkenean San Pedroak talde eta ekintza horiek guztiak dira.
Kartela egiteko garaian, festak sentitzen dituzun bezala islatu nahi dituzu ere, jaiak ondo ezagutzea garrantzitsua da
Zer adierazten da?
Estiloa, marrazteko joera asko dut. Ideia neukan ekintza garrantzitsuenak sartzeko ez bat edo bi, asko, eta hori gauzatzeko marrazkiek, ilustrazioek ematen zidaten jokoa.
Horretaz gain, retro kutsua badu, hasieran txuria eta gorrian oinarritu nahi nuen kartela baina blusak ere sartu nahi nituen eta horiei koloreak eman.
Marrazki, irudi asko izanda, ez nuen kartela estridentegia egin nahi eta horregatik kolore itzalduak sartu nizkion, ukitu retro hori ematen dutenak alegia. Nire ustez estetikoki joko polita, berezitasuna ematen dio koloreak berak lanari.
Kritikak jaso al dituzu?
Bai, kritika onak eta txarrak jaso ditut. Lagunek orokorrean kritika onak egin dituzte baina gertuko beste batzuek esan didate ez zitzaiela gehiegi gustatzen irudi asko zeukalako. Baina gustatzen zait hauek ere esatea, aberasgarria da batez ere hurrengo lan bat egiteko garaian kontutan hartzeko. Kritika txarrak gutxi, baina ondo dago jakitea.
Saria 300 eurotakoa da...
Bueno saria ez da asko baina ondo etortzen da udari begira lasaitasun pixkat ematen du. Kontatzen ez duzun dirutxo bat da eta ondo dator.
Jendeak bozkatu ahal izan ditu kartelak...
Gertuko jendeak botoa eman du bai baina bestela ez dut asko zabaldu. Azkenean udalak azken hitza zeukala jartzen zuen oinarrietan eta bozei ez nien garrantzia berezirik eman.
Lehiaketako beste lanak zer iruditzen?
Ba aukeran, gehiena danborjolearena gustatzen zitzaidan. Teknikoki oso ondo eginda zegoela iruditzen zitzaidan.
Zer dira San Pedro jaiak zuretzat?
Niretzako San Pedro jaiak bereziak dira, oraintxe, oso gertukoak direla esango nuke gainera. Okendo plaza berria ireki zenetik erdigunera jaitsi eta beti festetako zerbait egoten da.
Lehen dena sakabanatuta zegoen, auzoetan gune desberdinak zeuden eta agian herriko festak ez ziren hainbeste bizitzen. Orain anitzak izaten jarraitzen dute baina Okendo da denentzat festaren bihotza eta horrek jai herrikoiagoak egiten dituela iruditzen zait.
