Ekintza ugari Ttakunen esku

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 27a

Ttakun kultur elkarteak hitzordu nagusienak mantendu ditu San Pedro festen baitako egirauean. Haurren bazkaria eta ur jolasak, Sorgin Dantza, zikiro afaria, bertso saio berezia, sagardo dastaketa izango dira besteak beste jai egun hauetan. Ttakunetik herritarrak ekintza hauetan parte hartzera animatzen dituzte festak euskaraz gozatzeko.

Makarronada egin ostean, Busti Blai ekintza burutuko da haur eta gaztetxoekin Atsobakar auzoan.
Ttakun kultur elkarteak urtero bezala hainbat ekitaldi antolatu ditu San Pedro jaien baitan euskal giroa herriko kaleetan zabaltzeko asmoz.

Urtero antolatzen dira eta herritar askok parte hartzen du. Adin guztientzako ekintza sorta prestatu da aurtengoan ere eta ohi bezala herritarren aldetik harrera ona izatea espero da. Hauetako batzuek arrakasta ziurtatuta dute, Sorgin Dantza eta Zikiro afaria esaterako.

Haurren bazkaria
San Pedro Egunaren bezperan haurren txupinazoa egingo da bigarrenez eta honen ondoren, 12:00etan izango da hau, 13:00etan haurren kalejira egingo da eta 14:00etan Atsobakarren haurren bazkaria antolatu ditu Ttakunek aurreko urteetan bezala.

Begiraleen laguntzarekin Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko ikasleek Okendo plazatik aterako dira kalejiran Atsobakar auzoraino, bertan makarroiak bazkalduko dituzte eta bazkalostean Busti Blai ur festa egingo dute.

Ur jolas ezberdinak burutuko dituzte haurrek 16:30ak arte eta antolatzaileen hitzetan berrikuntzak izango dira. “Ziur haur eta gaztetxoek gustura hartzen dituztela jolas berriak.”
Ikastetxeetan lagun koadrilaren izena eta irudiarekin margotutako kamisetak erakusteko aukera izango dute gainera 9-12 urte bitarteko haurrek egun honetan.

Sorgin dantza Oriatik
Jaietako adierazgarri da Sorgin Dantza eta aurten ere ez du hutsik egingo.
1994tik antolatzen du Ttakunek dagoeneko Lasarte-Oriako herriaren eta bertako festa nagusien ikur bihurtu den Sorgin Dantza.

Azken urteotan parte hartzaileen kopurua asko ugaritu da eta haurrek ere egiten dute kalejira eta dantza. Helduen zortzikotearekin batera gazteen zortzikotea ere osatu da aurten eta zerrenda luzetik zozketaz hautatu behar izan dira kideak.

None
Sorgin Dantza, Oriatik abiatuko da 16:30etan gutxi gorabehera. Aurten bidean dantzariek egingo dituzten geldialdiei dagokionez, Orian lehenengoa, Biyak Bat elkartearen parean bigarrena, Udaletxearen parean, Tajamarreko errontondara iritsi aurretik ere dantza egingo da eta azkenik, Hipodromo etorbidean egingo da plazara sartu aurretiko azken dantza.

Okendon 19:00etan txupina bota aurretik iritsiko dira dantzariak. Gau honetan askorentzat ere tradizio bilakatu den zikiro afaria egingo da Okendo plazan. Arratsaldeko lehen orduetatik arituko dira sukaldariak 22:00etarako guztia prest izateko.

Entsalada eta zikiroa egongo da 300 lagunentzat, giro ezin hobean. Honetan parte hartzeko salgai izan dira txartelak azken bi asteetan. Bapo afalduta, dantzarako garaia izango da, afalostea Gozategi talde mitikoaren doinuek girotuko dute.

San Pedro egunean bertsoak
San Pedro egunean bertsoez gozatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. San Pedro jaietako bertso saio berezia Manuel Lekuonan egingo da 22:00etan. Aurten, herriko bertso eskolako Ane Labaka, Asier Azpiroz eta Patxi Etxeberria bertsolariekin batera kantatuko dute punta puntako beste hiru bertsolarik, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi. Gaiak Unai Muñoak jarriko ditu.

Bertso saio polita antolatu du aurtengoan ere Ttakuneko Earra! Bertso eskolak. Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Manuel Lekuona kultur-etxeko lehiatilan 4,60 eurotan edo aurrez interneten www.lasarteoriasarean.eu-n 4,32 euro ordainduta.

Kantu Jira berezia
Igandean, Ttakunen egitarauan gero eta arrakasta handiagoa duen kantujira egingo da goizean.
Aurten berrikuntza modura, dantza plazako dantzariek lagunduko dute kantujira.

Hilaren 30ean eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Sagardotegi kaletik euskal abestiak kalez kale kantatu eta dantzatuz. Xumela abesbatzak eta Albokako kide batzuek parte hartuko dute honetan euren ahotsak batuz.
Iluntzean Sagardo dastatzea eta erromeriarako tartea izango da. 18:00etan hasiko da Okendon eta 20:00ak arte luzatzea espero da.

Honetan herriko Sollane, Buenavista, Telleri, Zubillaga eta Saltsate baserrietako sagardoa banatuko da eta erromeria Amalur eskolako soinujoleek girotuko dute. Gauean Boston Jai taldeak kontzertua eskainiko du Okendoko agertokian 23:00etatik aurrera.

Jalgi
Jalgi festa giroan murgilduko da eta ekainaren 29an, larunbatean DJ Makala arituko da musika jartzen gauerditik aurrera. Egitarau oparoa aurten Ttakunek antolatutakoa adin guztientzat eta festak euskaraz bizitzeko helburuarekin.