Gustura bizi da Zabaleta auzoan Joxe Mari San Jose. Giro euskalduna, herri-festak eta naturarekin duen kontaktua maite ditu batez ere, gainera haurrek jolas dezaten leku ederra delakoan dago.
Urrian ordea, herriko eguneroko bizitza eta mekanikari lanak alde batera utzi eta Patagoniara abiatu zen: “Denetarik egin dugu han, baina batez ere egoera txarretan konbibentzia ona eraman daitekeela erakutsi dugu”.
Noiztik datorkizu abenturarako grina?
Txikitatik abentura zalea naiz, kamamila, gaztaina eta perretxiko bila ibiltzen ginen gaztetxotan. Betidanik mendia asko gustatu izan zait, basurdetara joaten ginen gauean, tranpak jartzen genituen...
Ehiztari amorratua ere banaiz, arrantzalea eta akanpada zalea. Naturak ematen duenaz gozatzea gustatzen zait, baratza eta jardina dauzkat, lau letxuga eta sei tomate landare, besterik ez. Kirola ere asko egin izan dut, bizikleta, eskia... Eta txikitan eskupilota, pala... Beti kalean ibiltzen ginen.
Betidanik bizi izan zara herrian?
Ostatu aldameneko etxean jaioa naiz, Villa Rosarion. Gure aitonak egindako etxea da. Eraikitakoan, pisu bana seme-alaba bakoitzari eman zigun eta han urtetan bizi izan naiz. Gero Juan XXIII plazara joan ginen eta orain Zabaletan nago.
Nork animatuta ausartu zinen “Conquistador del fin del Mundo”-n izena ematera?
Aukera polita zela ikusten nuen, batez ere nere semearentzat. Bere aita egunkaria hartu eta sofan esertzen ez den horietakoa dela ikustea nahi nuen.
Gainera, bederatzi urteko seme zaharrena gizakia nondik datorren eta antzinako munduko gauzak ikasten ari zen batean sua nondik zetorren ba ote zekien galdetu nion eta haren erantzunak zur eta lur utzi ninduen, “metxerotik!” esan ez zidan ba!
Egun hartatik aurrera, semeari eta ilobei sua era natural batean egiteko modua irakasten hasi nintzaien eta antzinan bezala oraindik ere bizi daitekeela erakutsi nahi nien, Internet, Whatsapp eta halakorik gabe.
Sua egin, arrantzatu, ura ekarri, bazkaria prestatu, egurra moztu, akanpatu... Gaztetan bezalaxe ibili naiz. Nik disfrutatu dudana ez dago deskribatzerik!
Zure kasting-a famatu egin da, errusieraz kantatu eta Miramonen bertan sua egin zenuen...
Kastingean zuk dakizun zerbait egiteko eskatzen dizute, txisteak kontatu, tontoarena egin... Pertsonalitatea azaltzeko aukera ematen dizute eta nire arma, suarena zen.
“Sua egiten dakit, hemen dakartzat makilak”, esan nien eta ea zenbat denbora behar ote nuen galdetu zidaten. Bi minutu eskasean egin nien sua. Jakina, berehala deitu zidaten Patagoniara joateko.
“Kakalin” abestia modan jarri duzu!
Hori arrakasta. Udako abestia izango dela esaten dit jendeak. Kasting-ean bertan galdetu nien ea euskaraz, inglesez, gazteleraz edo errusieraz kantatzea nahi zuten... Eta errusieraz kantatzeko eskatu zidaten. Emazteak irakatsitako hiruzpalau abesti errusiar dakizkit, ez gehiago
Benetan da hain gogorra abentura, edo “reality”-aren parte da?
Pentsa. 13-14 kilo galdu nituen. Oso esperientzia gogorra izan da. Konbibentzia ere halako baldintzetan ez da erraza, ekipoan zazpi ginen eta oso ondo moldatu gara elkarrekin. Aldarte igualtsuak genituen eta elkarri laguntzen genion beti. Jendea animoz baxu ikusten nuenean animatzen saiatzen nintzen.
Zer egin zitzaizun gogorrena 40 egun horietan?
Baraurik egotea da gogorrena. Gose ikaragarriak pasa ditugu, trasladoetan te bat edo sagar erdi bat jaten genuen, ez besterik.
Hotza baino gehiago haizea izan da sekulakoa. Ekipoa oso ondo portatu da gurekin, arropa ona geneukan, zakua ere beroa... Barruan sartuta eta euririk egiten ez bazuen tamainan.
Proba asko irabazi genituenez, kanpamendu aberatsean izugarri ondo egoten ginen eta kanpamendu txirora joatea egokitu zitzaigunean zortea eduki genuen eguraldiarekin. Patagonian eguna luze egiten da!
Nolako parajeak dira Patagonia aldekoak?
Zoragarriak, eta batez ere desberdinak. Izarrak ere bestelakoak dira, hego-hemisferioko konstelazioak daude han eta asko ikusten dira gauetan. Lainoek ere asko harritu naute, oso itxura arraroak hartzen dituzte.
Harremanik egiten al da produkzioko langileekin?
Kamerekin inongo kontakturik ez dugu izaten. Ez genekien zer ordu zen, ez ziguten esaten eta saiatuz gero, berehala mozten zintuzten.
Familiak majo sufrituko zuela pentsatzen dut zu kanpoan zeunden bitartean...
Familiak asko sufritu du, bai. Baina abenturan segituan baztertzen nituen pentsamendu txarrak. Berehala hasten nintzen paseatzen, kabi bila, arrantzan... Umeez gauero gogoratzen nintzen. “Biharrarte, ondoloin! Mark, etxeko lanak egin! Iker allollitos!”, esaten nien.
Ausarta bazarela behintzat argi geratu da. Erleei alergia eduki eta erlauntza batetik eztia ateratzen saiatu zinen... Arantza batekin belarritakoa ere egin zenuen!
Oso aktiboa naiz, bizia, beti gauzak egiten aritzen naiz. Beti bilatzen dut lan edo aitzakiaren bat etxean ez egoteko. Andreak beti esaten dit ipurdian motorra dudala dirudiela, baina etxeak lotu egiten nau.
Erlauntzari dagokionez, gosea dela eta ez duzu pentsatzen. Bakoitzak gure jana genuen. Lau maspasa eta bi intxaur pusketa egun guztirako, pentsa.
Niri iluntzean jatea gustatzen zitzaidan, ur trago bat eman eta beteta zeudenaren sentsazioarekin lokartzeko. Bestela ezin nuen lorik egin!
Hain baldintza gogorretan bizita, ez al duzue tranpa egiteko tentaziorik eduki?
Tentazioa egon badago, jakina! Baina gauza asko irabaziak nituen, arrantzan egin nuen, sua ere bai, tranpetan hasi eta nire izena zikintzeko.
Egia esan, errekisa bat egin ziguten eta mermelada latak agertu ziren gure taldean. Andeetatik Iguazurako trasladoan, aireportuan, bapo jarri ginen.
Baina jendeak latak eta janaria abenturara eraman zuen, gordean. Taldeak tranpa egin zuen, baina nik ez. Pena da, denon izena zikindu zelako, baina nik ez neraman ezertxo ere. Julian Iantzik momentu batean esan zuen ni nintzela tranpa egin ez zuen bakarra, baina hori ez da telebistan atera.
Bizitza honetan beti izan behar da ilusio bat. Ohera sartu eta jeikitzerakoan zeure buruari galdetzeko: gaur zer egingo nuke gustora?
Zein lehiaketa planteamendurekin joan zinen?
Aurrena ez ateratzeko asmo garbia nuen. Abentura lehen lekuan uztea erridikuluan geratzea izango zela pentsatzen nuen.
Gerora pausoz pauso joan naiz. Helburuak egunean markatzen nituen. Hasieran sei azkenetan ez geratzea, gero erdialdera arte irautea, unifikazioagatik borroka egitea... Azkenean finalera iritsi nintzen.
Pena da, finalean kanoa gabe geratu zinen...
Finalaren eguna iristerako oso erlaxatuta nengoen. Nire buruari jarritako helburuak ederki beteak nituen eta jendeak errespetatu eta maitatu egiten ninduen. Semeari erakutsi beharrekoa ere erakutsi nion...
Azken hamar egunetan, probak irabazten zituena zuzenean sailkatzen zen finalera eta galtzen zutenek dueloa zeukaten. Azken astea duelo horietan pasa nuen eta gogorra egin zitzaidan, gastatu eta gastatu aritu nintzelako. Azkenerako, indarrik gabe nengoen.
Anekdotaren bat kontatzerik bai?
Finalaren egunaren bezperan bazkari handia eman ziguten... Eta ni tripako minarekin hasi nintzen kaka goitik eta behetik botatzen. Iguazuko parke naturalean ezin da sartu, ezin da igerian egin, oso jende gutxik eskalatu du Oscarrek igotako pareta, bospaseik, baina ziur inork ez duela ibai ertzean kakarik egin! Neu lehenengoa!
Aldatuko zenuke abenturan bizitako ezer?
Ez nuke ezer aldatuko, baina ez nintzateke berriro ere joango. Momentuz ez, hori bukatu da eta ez litzateke berdina izango.
Bizitako guztiarekin geratzen naiz, abentura ederra izan da.
Aurrera begirako proiekturik?
Lasarte-Oriatik nire andrearen herrira bizikletaz joateko asmoa daukat, Errusia sortaldera.
Euskal Herria eta Nahodka artean ia 15.000km daude, Japongo itsasoko kostaraino joan beharko nuke Europa guztia zeharkatuta, Frantzia, Alemania, Polonia... Europako herrialdeetan barrena 4.000km egin beharko nituzke Moskura iristeko, gero 10.000km Vladivostokera eta azkenik beste 500-800km nire emaztearen herrira.
Jakina, gustatuko litzaidake emaztea eta semea nirekin etortzea. Furgoneta bat prestatu eta haiek nire atzetik jarraitzea izango litzateke politena. Eskolak semeari nik emango nizkioke edo internetetik bestela.
Egunero bizikletaz 50-60km. eginda, nire kabuz bizi nahi dut. Europa alde hartan perretxiko pila bat dago, ehizan egingo nuke, arrantzan... Gero, liburu bat egiteko asmoa dut, notak hartu eta argazkiak aterako ditut.
Emazteak frenatzen nau. Hark esan zidan edo “Conquis” edo 15.000km-ak. Eta Patagoniara joatea erabaki nuen. Ea konbentzitzea lortzen dudan... Orain baita garaia, 50 urterekin, bestela hemendik hamar urtera jakin ezazu non eta nola egongo naizen. Gazte jende askok esaten dit: “Joxe, nik handitan zu bezalakoa izan nahi dut!”. Eta horrek poztu egiten zaitu. Hori bai, urtebete pasata ez da inor akordatuko nitaz!
