Haurrek festa hasi dute

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 28a

San Pedro Jaiak ofizialki hasi dira. Udaletxe zaharretik bigarren urtez haurren txupinazoa bota da. Udalak omendutako Beltzak Ostadar Errugbi eskolako kideek bota dute txupina. Balkoi azpian jendetza bildu da herriko festei hasiera gogotzu emanez.

Eguzkia lagun hasi ditu Lasarte-Oriak bere San Pedro Jaiak. Giro ezin hobean haur eta gaztetxoek kaleak hartu dituzte festei hasiera emateko. Udaletxeko balkoi eta leihoetan Beltzak Ostadar Errugbi eskolako kideak izan dira proragonista.

Hain zuzen, Julen Espinosa gaztetxoaren ardura izan da pregoia egitea eta txupina botatzeko talde kide baten laguntza izan du. Espinosak Beltzaken dauden 70 gaztetxoentzat izan ditu hitzak eta haur zein helduak gonbidatu ditu errugbian eurekin hastera. Krisi garai honetan gainera gogoratu nahi izan du "Beltzaken ez dugu ezer ordaintzen errugbia egiteko". Gora San Pedro jaiak ozen bat bota du baita Gora Beltzak ere. Azken honekin behean zeuden taldekideek erantzun diote.

Suziaren hotsarekin batera ikusleak dantzan jarri dira txarangaren doinuekin. Beltzak eta Lasarte-Oriako bandera lau haizetara astindu dituzte Pablo Barrio alkateak eta Beltzak taldeko beteranoek.

Taxio Arrizabalaga Festak saileko zinegotziak herritarrak arratsaldeko txupinazoan parte hartzera animatzen ditu.

Txupinaren ostean, Okendo plazan buruhandiak, txarranga, erraldoiak eta Castellersen figurekin gozatu ahal izan da.