Hirugarrenez, hasi dira San Pedroak

maider-azurmendi 2013ko ekainaren 28a

Udaletxe berriko balkoitik jaurti dute hirugarren eta azken txupina. Goizean haurrak izan dira protagonistak eta arratsaldeko honetan berriz, omenduak. Udalak aurten Alboka abesbatza, Beltzak errugbi taldea eta Solaskideak omendu nahi izan ditu.

Iazko gidoia jarraitu nahi izan du udalak aurtengo San Pedro jaietan eta hasitako bideari jarraiki, bi txupinazo bizi izan ditugu gaur. Goizean haurrei eman zaie protagonismoa eta eurentzat izan da txupina udaletxe zaharretik, kalejira, buruhandiak etab. Goizean Taxio Arrizabalaga oso pozik azaltzen zen Txintxarrik egindako elkarrizketan, txupinazora gerturatutako jendearekin eta arratsaldekoan parte hartzera deitzen zituen berriz herritarrak.

Deiak zerikusia izan duen ezin jakin, baina Okendo jendez lepo egon da. Udaletxeko balkoitik lehenengoa hitza hartzen Pablo Barrio alkatea izan da eta ostean mikroa omenduei eman die. Lehenengoa Beltzakeko gaztetxoa izan da, honek goizean egindako aldarriari eutsi dio eta herriko gaztetxoak gonbidatu ditu Beltzaken parte hartzera datorren ikasturtean.

Alboka Abesbatzako Iker Olanok, Oihana Diazek, Mari Karmen Arratibelek eta Iñigo Sternek honako bertsoa abestu dute: "San Pedro jaiak, txupinazoa Okendo plaza gainezka. Denon aurrean hiru ekimen omendu nahian gabiltza: Solaskide bat, Beltzak bestea, hirugarrenik Alboka, partehartzea, konpromisoa, eman dira bai taldeka denon artean txupinazoa bota dezagun goraka!". Solaskideek berriz, hitz politak izan dituzte euren bidelagunentzat, euskaldun zaharrentzat eta hauek ere aitortu dute euskaldun berriek egiten duten esfortzua. Gora euskara ozen bat ere bota dute eta plazan zeuden herritarrek lagundu dute. Ezusteko moduan, bero-bero kanta jarri eta plazan bildutakoei dantzan jartzeko gonbita egin diete. Leku asko ez zegoen baina gogotsu aritu dira herritarrak Euskararen Maratoiko ereserkiaren erritmoan gorputza astintzen.

Zuzia piztu dute ondoren eta festa lehertu da hirugarrenez. Jendea saltoka, globo koloretsuak dantzan jarri dituzte eta festa giroak orain bai, herria hartu du. Aurretik festaz gozatzeko hamaika ekintza. "Gora euskara, Gora San Pedro jaiak!"

Zero Sette
Herriko Zero Sette akordeoi orkestrak oholtzatik mota guztietako doinuak joz eman dio jarraipena Okendoko jai giroari.