San Pedro eguna hasi da, gau-giro ederrean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 29a

Hasi da San Pedro eguna, festetako egun handia. Ekainaren 28a eta 29a lotzen dituen gaua berezia izan da herrian. Batetik, danborrada izan dugu, guztira 180 danbor-jole herriko kaleetan barrena ibili dira gastadore, zaldi eta kantinerekin batera.

Ohi bezala, Donostiako Martxa edota Lasarte-Oriako ereserkia jo dituzte Udaletxe aurrean eta emozio handiko momentuak izan dira, oilo-ipurdia jartzen duten horietakoak. Bestetik, Ttakun elkarteak antolatuta zikiro jana egin da Okendo plazan, guztira 175 kg haragi jan dituzte afarian bildu diren 220 pertsonek. Giro ederra izan da, jendea oso gustura ohiko menuarekin, entsalada eta zikiroz bapo jarri dira denak.
Gaua luzea da oraindik, eta Gozategi taldea jendez gainezka dagoen Okendo hankaz gora jartzen ari da "Egin", "Nor, nori, nork" edota "Olatu berri" bezalako klasikoak joz. Gainera, ostean karaokea izango da eta herritarrek euren artista dohainak erakusteko aukera izan dute. Ondo pasa festak!

Felix Telleriari omenaldia
Lasarteko danborradaren zuzendari den Felix Telleriari omenaldia egin diote bart. 40 urte daramatza danborrada zuzentzen eta 30 San Pedroetan, egin duen ibilbide luzea saritzeko. Xabier Mitxelena danborradako kide historikoak eta fundatzaileetako batek Pablo Barrio alkatearekin batera sari bana eman diote eta emozio handiko momentuak bizi izan dira.