GOIZEKO ARGAZKI GALERIA
GOIZEKO BIDEOTEKA
Izan ere, dotore-dotore zihoazen denak jantzita. Ohi bezala, kupelak sukaldari jantzi txuri garbiz jantzita eta danborrak soldadu serioz, gorriz. Baina aurretik, Lasarte-Oriako banderaren atzean txikitxoenek gastadore eta kantinera lanak egin dituzte baserritarrez eta soldaduz jantzita, aizkorak bizkarrean hartuta.
Oria Txarangak jarri du musika, eta 5-14 urte bitarteko haurrek Lasarte-Oriako ereserkia, Tatiago edota Donostiako martxaren gisako klasikoak jo dituzte. Gainera, Jalguneko lagunek ez dute zita garrantzitsua galdu nahi izan eta gogor astindu dituzte makilak.
Txapelketak
Baina danborrada baino lehen txapelketa ugari izan dira.
Okendo plazan Sorgin jaiak-ek antolatutako III. Bakailao txapelketa izan da. Honetan 12 parte hartzaile izan dira lanean bakailo gozoa prestatzen.
Kike Llanos eta Aitor Unanue izan dira irabazleak. Elkarte hoberenari saria Buruntz Azpi elkarteak hartu du eta sari berezia izan da sukaldari gazteenari, Nahia Perezi.
Sariak banatzen Enara Fernandez, ikusmen urritasun mailako eskiko Espainiako txapeldunak eman die.
Bestalde, Loidi Barrengo pilotalekuan pilota txapelketako finalak izan dira. Benjamin, alebin, infantil eta beterano mailako jokalariak ederki aritu dira. Giro ederra izan da goiz osoan zehar eta hainbat herritar hurbildu da finalak ikustera.
Haur eta gaztetxoen lehiaketan irabazleak honako hauek izan dira: benjamin mailan, Mikel Markos eta Beñat Carbayeda; alebin mailan, Eneko Del Puerto eta Roke etxezarreta; infantil mailan, berriz, Julen Alberdi eta Alex Etxeberria.
Azkenik, beteranoen txapelketan, Jesus Presa eta Joxe Felix Solano izan dira garaileak. Joxe Felix Solanok Juan Mª Arteagaren lekuan jokatu du.
Hauetaz gain, bola-joko eta toka txapelketak ere jokoan dira.
Kalejira eta Hutsun
Kalea girotzeko ere beste ekitaldi batzuk izan dira. Ttakun KE-k antolatutako kantujira berezia esate baterako.
Honetan ehun bat pertsona bildu dira eta tabernaz taberna haien doinuak eraman dituzte. Abesteaz gain, muxikoak ere dantzatu dituzte.
Okendo plazan berriz, Hutsun txalaparta taldeak kontzertu didaktikoa eman du. Txalaparta tradizionala eta gaur egungoa uztartzeko saiakera polita izan da, herriko bolondres gazteak ere izan dituzte laguntzaile oholtza gainean Anai Gambra, Mikel Hernandez eta Simón Ahetxu nafarrek. Besteak beste, tobera, kirikoketa, dolarea eta beste hainbat instrumentu erakutsi dituzte emanaldian eta kantu bakoitzaren aurretik instrumenduaren inguruko xehetasunak eta irakaspenak eman dituzte.
Arratsaldean
Arratsaldean Oriako jeitsiera, Xexenak Atsobakarren, Erraldoiak eta Buruhandiak erdigunean eta kale-antzerkia izango dituzte. Gaztetxoek bakarrik ez, adin guztietako jendeak gozatuko du gaurko egitarau oparoarekin.

