Sagardo eta dantza arratsaldea

maider-azurmendi 2013ko ekainaren 30a

Oriako jaitsieraren ostean, haur zein helduentzako ekintzak nagusitu dira igande arratsalde honetan. Xexenek gaztetxo asko erakarri dituzte eta Okendon, sagardo dastatzea eta erromeria egin da Ttakunen esku. Elizatze plazan Ellas Bailan Solas antzerkia ikusi ahal izan da eta Andatza plazan berriz, Indiako Bollywood-a gertuagotik ezagutzeko aukera egon da. Eguna bukatzeko Boston Jai taldearen erromeria izango da Okendon eta Azabache orkestrarekin dantzaldia Isla plazan.

Okendon giro ezin hobea izan da arratsalde guztian zehar. Bertatik abiatu dira erraldoi eta buruhandiak txarangarekin batera herriko kaleetan barrena. Haur eta gaztetxoek baita heldu batzuek ere, korrikaldi politak egin dituzte buruhandien astinduez ihes egiteko.

Arratsaldeko seietan Ttakunek urtero antolatzen duen sagardo dastatzea hasi da Okendon. Postu ezberdinetan banatuta herritarrek Lasarte-Oriako sagardoak dastatu ahal izan dituzte. Plazan ere, Jon tratamendu behar duen herriko haurraren aldeko pintxo postua egon da eta bertan salgai txistorra eta tortilla pintxoak, sagardoarekin laguntzeko primerakoak.

Oholtzatik berriz, erromeriako dantzak gidatzen aritu dira Maider Oiartzabal eta Dabid Egizabal. Herritar asko animatu da dantzara eta giro polita sortu dute. Hainbat euskal dantzarekin batera, munduko beste doinu batzuk dantzatzera ere ausartu dira. Plaza erdian, haur, gazte zein heldu eskutik helduta dantzan ikusi ahal izan ditugu.

Antzerkia eta Bollywood
Elizatze plazan bitartean, Ellas Bailan Solas antzerkia ikusteko aukera izan da. Antonia eta Regina amonak zahar egoitzatik ihes egin dute eta egoitzako langileek ez aurkitzeko egiten dituztenaz gozatu ahal izan da. Ikusle andana hurbildu da eta irribarrea izan da nagusi.

Andatza plazan berriz Indiara egin da salto eta Bollywoodeko dantzak ikusteaz gain, hauek egin ahal izan dira Raat Ki Rani taldearen esku. Sentsualitatez betetako dantzak ikusi dira.