Oraindik festarako gogoa duten herritarrek aukera izango dute ABIBAren disko festarekin Okendo plazan edota Jamaica taldearekin Andatza plazan. Hala ere, Zaragoza pirotekniak eskainitako su ikuskizunarekin agurtu dira San Pedroak.
Astelehen hau ez da jai eguna izan eta egun hauetako jendetza kaleetan ikusi ez arren, asko izan dira arratsalderako ekintzez gozatzen ikusi ahal izan ditugun haur eta gaztetxoak. Kale Nagusiak Ostadarrek joko ezberdinak antolatu ditu eta zenbait heldu hauetan parte hartzera animatu dira.
Elizatze plazan apar festa erraldoia egin da 20:00etan hasita. Okendon berriz, musika ABIBA disko festakoek jarri dute eta Sagardotegi kalean jendetza hurbildu da Rockalean taldearen kantak entzundakoan.
Agurra
Su artifizial ikuskizunarekin agurtzen dira San Pedro jai hauek. Egun hauetan herritarrek kaleak hartu dituzte eta orokorrean festa giroa herriko txoko guztietara zabaldu da. Dagoeneko datorren urteko festetan pentsatzen hasi beharko da.

