Haurrek oporrak hasi zituzten ekainean eta herriko festetan ederki gozatu ondoren, txokoetako garaia hasi dute. Aurten uztailaren 1ean hasi beharrean bian egin dute hain zuzen festak zirela eta.
Uztailean 442 haur izango dira txokoetan parte hartzen eta hauen artean uda pasatzera Lasarte-Oriako familiekin dauden saharauiak. 4 eta 12 urte bitarteko haurrek ez dute aspertzeko astirik izango.
Txikienekin HH3 eta HH4ko haurrekin, Amona Joxefinaren baserria ekintza burutuko dute hilabete guztian naturaren inguruan. Horrela baserria eraikitzeaz gain, baratza ere antolatu behar dute eta animaliak zaindu.
Gainontzakoek HH5, LH1 eta LH2ko haurrentzat, gai nagusia euskal mitologia izango da eta honen inguruan jolasteko parada izango dute Mari jainkosa izanik guztion buru.
Kirolaz, ur jolasez, irteeraz… gozatzeaz gain “Ikimilikiliklik” izeneko ginkana izango dute, aztikerien eta edabe magikoen egun berezia eta herrian zehar Mariren urrezko orraziaren bila jarduteko jolas mundiala.
8-12 urte bitarteko gaztetxoen kasuan, abentura izango da nagusi. Euskal Herria Express gaia izango da oinarria. Honela, proba ezberdinak gauzatu beharko dituzte, astelehen eta astearteak izango dira proba-egunak, eta asteazkenak, ordea, duelu-egunak.
Ostegunetan, egun-pasa paregabeez gozatzeko aukera izango da igerilekuak, mendi-irteerak, hondartza …Ostiraletan, Jostakirola programaren txanda izango da.
