Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkateak irakurri ditu konpromisoak. Alkateak urtarrilaren 12an, euskal presoen eskubideen alde egin zen manifestazioa izan dute gogoan "inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena burutu zen Bilboko kaleetan. Zalantza gabe, Euskal Herrian burutu den manifestazio jendetsuenetakoa izan zen".
EH Bilduren iritziz, "manifestazioaren leloak zehatz laburtzen du euskal gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta exijentzia: Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira".
EH Bilduko alkate eta zinegotzien ustetan herri interpelazio erraldoia suposatu zuen Bilboko mobilizazioak eta honekin "Espainia eta Frantziako gobernuei aurpegiratu zitzaien gatazkaren konponbiderako aukeraren aurrean duten blokeo jarrerarengatik".
Era berean alkateen iritziz, "eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak interpelatu gaituzte. Euskal jendarteak konpromisoak eskatzen dizkigu guztioi; dispertsioarekin amaitzeko, giza eskubide guztien aitortza eta errespeturako, gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako".
Aldarrikapen horiek lehentasunezkoak dira EH Bildurentzat agerraldian esan dutenez eta bidezkoak izateaz gain, jendartearentzat ere garrantzitsuak direla argi dutela azpimarratu dute. "Presoen eskubideen inguruko adostasuna dago euskal gizartean. Euskaldunok jakin baitakigu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela".
Hauen ustetan gainera, ezinbestekoa da dispertsioaz eta neurri horrek dakartzan eskubide urraketekin berehala amaitzea. Konponbide prozesuari Madrilek eta Parisek ezartzen dioten blokeoa gainditzea.
Arrazoi hauek tarteko, EH Bilduk eta koalizioaren hautetsiek honakoak bultzatuko dituzte eskualdeko udal guztietan: Herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra otuko da hilabeteko epean eta sei hilero berritu; Hasierako dosierra Instituciones Penitenciarias-era, Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari, Justizia Ministerioetara eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igorriko zaizkie bertan jasotzen diren eskubide-urraketak ekiditeko eskatuz; Herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekingo zaio; Herriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratu edo ateratako materialaren ale bana bidaliko zaie; Hilabeteko azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartuko dute modu ofizialean; Udaleko ordezkari gisa parte hartzen duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramango dute; Preso gaixoak dauden herrietan alkateen taldean parte aktiboa hartuko dute presoak etxeratu arte; Hiru hilabetean behin herriko presoen senideekin bilerak egitea, egoeraren berri modu zuzenean izateko; Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitatzeko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartuko da. Eta azkenik, Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak utziko zaizkie beraien bilerak edo lanak egin ahal izateko.
