IRPH indizeak kaltetuen aldeko mozioa aurkeztu du PSEk

jon-altuna-iza 2013ko uzt. 3a, 15:00
Hipoteken interesa kalkulatzeko IRPH indize “kriminala” salatu dute prentsaren aurrean PSEko zinegotziek STOP kaleratzeak taldeko bi kiderekin batera. Astearteko Udal Batzarrean proposamen bat aurkeztuko dute, indize horiek desagertu eta euribor +1 indizea jartzeko eskatuz. Ekonomia ministerioak eman behar du agindua, baina erabakia iaz urtebeterako eta apirilean beste sei hilabeterako atzeratu du urrira arte. Kutxabank-en hipoteka eskatu zuten gehienek Euriborra+1 indize alternatiboa sinatuta dute, baina bankuak ez die aplikatzen ministerioak erabakia hartu arte. Bien bitartean kaltetuek hilero 300-400 euro gehiago ordaintzen dute.
Zaballos STOP kaleratzeak-eko Zuñiga eta Guiradorekin.
STOP kaleratzeak taldeko Monica Zuñiga eta David Guiradok IRPH indizeak kaltetutakoen egoera azaldu dute PSEren egoitzan, alderdi honetako Jesus Zaballos, Lourdes Acebedo eta Txus Alonso zinegotzien aurrean. Estatu mailan kaltetuak milioi eta erdi direla azpimarratu dute STOP kaleratzeak taldeko ordezkariek. Indize hori, bankuek manipulatzen dutela salatu dute, kalkulatzeko denbora tarte batean euren bezeroei kobratutakoaren bataz bestekoa izaten dutelako kontuan, eta euriborra jaitsi egin den arren, azken urteotan etengabe igo da indize hori. Horrela kutxen IRPH ehuneko 4an dago, bankuen IRPH ehuneko 3,2an eta euriborra ez da ehuneko 0,5era iristen. Kaltetuek sinatu zutenean, bankuetan euriborrak baino gorabehera gutxiago zuen indizea zela esan zieten. Sinatu zutenean ehuneko 04-06koa zen indizea eta orain ehuneko 4,0an dago.

PSEk astearteko udal batzarrean onartzeko proposamena aurkeztu du. Zaballosek azaldu duenez, aurreko astean Gasteizko Parlamentuan PSE, EAJ eta Bilduren aldeko bozkarekin onartu zen eskaera berbera egin dute Lasarte-Orian ere onartu dadin. Bost puntu ditu eskaerak. Lehenengoan proposatzen da, Udalak eskatu diezaiola Ekonomia eta Lehiakortasun ministerioari IRPHak desagertaraziko dituen behin-behineko erregimena martxan jartzeko. Bigarrenean, erakunde berberari desagertuko diren indizeen ordez euriborra +%1 indizea ezartzeko eskatzeko. Hirugarren puntuaren arabera, Espainiako Gobernuari eskatuko zaio agindu ministerial edo egoki ikusten duen beste agindu baten bidez IRPHak desagertzeko neurriak hartu ditzala lehenbailehen.
Laugarren puntuan proposatzen da Udalak bankuei eskatzeko ez daitezela ministerioaren aginduaren zain egon indize alternatiboak abian jartzeko. Hipotekatan ordezko indizea jarrita daukaten bankuei berehala aplikatzeko eskatuko zaie. Azken puntuan, Espainiako Gobernuari, Ekonomia ministerioari, Kutxabank eta beste bankuei erabakiaren berri emateko proposatzen da.

Egoera larria
STOP kaleratzeak taldeko kideek salatu dutenez, egoera larrian, etxetik kaleratzeko arriskuan dira familia ugari. "Bankuek manipulatzen eta erabakitzen dute indizea, euren interesen arabera, eta jokabide kriminala da. Gutxi gorabehera euriborra baino 10 aldiz gehiago ordaintzen ari dira herritarrak, eta horren ondorioz familiak ordaindu ezinik dabiltza eta etxea galtzeko arriskuan".

Monica Zuñiga eta David Guiradok jakinarazi dutenez, Europako presioen ondorioz, 2012ko apiriletik ezin dira hipotekak kontratatzeko erabili, baina aurretik sinatutako milaka dira indarrean. Ekonomia ministerioak ezarri behar du ordezko indizea, baina apiriletik apirilera arte urtebeteko luzapena eskatu zuen eta 2013ko apirilean beste sei hilabetekoa, eta bien bitartean kaltetuak IRPH indizearen arabera ordaintzen ari dira. Bi aldiz atzeratu denez, kaltetuek ez dute itxaropen handirik Ekonomia ministerioarengan. Gainera, Kutxabank-ekin sinatutako hipoteketan ageri da indize horren alternatiba gisa Euriborra +%1 indizea, beraz ministerioaren aginduari itxaron gabe, hori aplikatzeko eskatzen ari da STOP kaleratzeak. Gaur bertan PSEko ordezkariei eskatu diete Kutxabank-en kontseiluan horren alde egin dezatela.

Kaltetuak Izotz jauregiko lokal batean elkartzen dira asteazkenero. stopdesahucios@plazan.net helbide elektronikoaren bidez jarri daiteke edonor eurekin hartuemanetan. Zuñiga eta Guiradok nabarmendu dute Kaltetu asko dagoela, eta hauei eskatu diete lotsarik gabe jar daitezela beraiekin hartuemanetan.