Uztaila honetan asteburuetan ez da aspertzeko tarterik izango. Lasarte-Oriako Udalak adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatu ditu hilabete honetan etxetik atera eta kaleaz gozatzeko.
Kulturaz betetako uztaila honetako lehen ekintza gaur egingo da. Herritarrek “Bypass” filmaz gozatu ahal izan zuten Okendo plazan, 22:00etatik aurrera.
Euskaraz ikusi ahalko da filma eta gaztelaniazko azpitituluak izango ditu.
Zineaz kalean gozatzeko bigarren aukera, uztailaren 18an izango da. Saioa honetan, Batman heroiaren “El caballero oscuro” filma ikusi ahalko da.
Kultura sailak ekimen honetan Okendo Zinema taldearen laguntza duela onartu du eta filmak haiek proposatutakoak direla azpimarratu du.
Honetaz gain, eguraldi txarra eginez gero, zine emanaldia BM-ko aterpean egingo dela jakitera eman dute.
Kontzertuak
Zineaz gain, Okendo plazan Kultur kale Zikloko udako kontzertuak ere izango dira larunbata arratsaldeetan, 19:30etatik aurrera, egingo diren saio ezberdinetan.
Okendo plazan, uztailaren 13an, Low Riders taldea izango da eta 27an, berriz, “The Cottontails” taldeak jarriko du dantzan erdigunea.
Uztailaren 20an, N.O.S. taldearen tzanda izango da Sagardotegi Kalean.
Antzerkiak
Era berean, uztailean kale antzerkietaz ere gozatu ahalko da, Kale antzerkia bultzatuz ekimenari esker.
Antzerkietako bat haurrentzako izango da. Uztailaren 17an, eguerdian Markeliñe taldeak “ZooZom” ikuskizuna ekarriko du Isla plazara. Bertan bildtzen diren haurrek ederki gozatuko dute zoo berezi batetaz.
Beste bi antzerkiak berriz, helduei zuzendutakoak izango dira. Hurrengo ostiralean, uztailaren 12an, Kolektivo Monstrenko taldeak “Entre lombrices” lana eskainiko du eta “Pronostiko erresebatua” lana aurkeztuko du Oihulari Klown taldeak uztailaren 19an.
Tailerrak
Hilabete honetako eskaintzarekin amaitzeko 8 eta 14 urte arteko gaztetxoei zuzendutako tailerrak ditugu.
Uztailaren 13an, Atsobakar parkeko itsauntziaren ondoan, baratza tailerra egingo da.
Santa Azoka egunean, uztailaren 21ean, bi tailer egongo dira haurrentzako: filtro panpinak eta paper txirikordatua.
Eta azkenik uztailaren 27an, Isla plazan arropa nola apaindu ikasiko dute.

