Emakumearen Zentroaren inguruko PSEren “gezurrak” salatu ditu Gizarte Zerbitzuak

jon-altuna-iza 2013ko uzt. 5a, 15:30
PSEren gezurrak salatu eta Emakumearen Zentroaren eskaintza hobetu egingo dela esan du Lasarte-Oriako udaleko gizarte zerbitzuetako buru Gorka Lizarragak gaur eguerdian Emakumearen Zentro Zibikoan bertan eman duen prentsaurrekoan: “Kokoteraino gaude PSEren gezurren aurrean aurpegia eman beharrarekin” esaldiarekin laburtu du hasteko Lizarraga Bilduko zinegotziak sentitzen duena. Aldi berean, emakumeari eskaintzen zaion zerbitzuan aldaketak egongo direla aitortu du, baina inola ere ez murrizketarik: “Zabaldu eta hobetu egingo da, argi izan behar da ez dela, ez murriztu, ez ezabatuko, gaur egun egiten den ekintza bat bera ere. Alderantziz, zentroaren aurrekontua 32.000 eurotan handituko da".
PSEren "gezurrak" ukatu eta Emakumearen Zerbitzuan murrizketarik ez dela izango esan du Lizarragak.

Gorka Lizarraga Bilduko zinegotzi eta Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuen buruak PSEren “gezurrei” erantzun die Emakumearen Zentro Zibikoaren atarian eguerdian eman duen prentsaurrekoaren bidez. Lizarragak esan du normala dela PSEk aurretik zerabiltzan politika batzuek aldatzea Lasarte-Oriaren Gobernu taldea aldatu zenetik bi urte pasa direnean, eta ulertzen duela horietako batzuk PSEren gustuko ez izatea, “bestela beraiek jarriko zituzten aurretik abian”, baita oposizioak Gobernuaren kontrol eta kritika lana egin behar duela ere, “berau positiboa da herriarentzat”, baina inola ere ez “behin eta berriro gezurra erabiltzea herritarrak aztoratu eta beldurtzeko”.

Lizarragak kontatu duenez uztailaren 2an Emakumearen Zentro Zibikoko erabiltzaileekin bildu eta komunikabideen bidez jasotako informazioen ondorioz beldurturik eta galduta zeuden emakumeekin topatu ziren. Ondoren, PSEk zabaldutako “perla” batzuek gezurtatu ditu Lizarragak: “Bilduk zerbitzuarekin akabatu nahi du”, “Zerbitzua bertan behera uztea da beraien intentzioa” edo “ez daki zer egin zentro zibikoarekin”. Gorkak argi adierazi du ez dela ezer ere murriztuko. “Aldatu bai, hobetzeko helburuarekin. Zentroaren kudeaketan egingo den aldaketa, (arduradunak diplomatura eta berdintasun nahiz sexologian masterrak izatea) gaur egun ematen diren zerbitzuen zabalpen eta hobekuntzan oinarrituko da.
Lasarte-Oriako egoeraren diagnostikoa egin eta horretan oinarritutako proiektua burutzeko asmotik PSEk zentroarekin zer egin ez dakitela ondorioztatu badu ere, ikuspuntu erabat desberdina erakutsi du Lizarragak: "Badakigu zer egin. Orain arte egin dena jarraitzeaz gain, zerbitzua hobetu eta udalerri guztiko emakumeez arduratuko gara, ez bakarrik zentrora hurbildu ohi direnez”.

Azkenik kudeaketa gardena defenditu du Lizarragak : “Falta zitzaiguna! Pertsonalaren kontrataziorako baldintza pleguak “susmagarriki” egin ditugula leporatzen digu PSEk. Garbi geratu dadila: Alkatesaren bulegoan faboreak lortzen ziren garai hura bukatu zen, eta gure eskuetan baldin badago, ez da berriro errepikatuko. Gainera, azaldu dezakezue zer alde negatibo duen zerbitzuaren arduradunak diplomatura bat eta berdintasunean nahiz sexologian masterrak izateak? Gustura entzungo genuke erantzuna”.