Rakel Fernandez: “Gure gorputzeko DNA-tik hasita, guztia da polimeroa”

Nerea Eizagirre 2013ko uztailaren 8a

Kimika ikasi eta Rakel Fernandez herritarrak bi aukera zituen bata enpresaren mundua sartu edo ikerketa munduan. Bigarren bidea aukeratu zuen. Bere arloan, azobenzenoak, Estatuko bakarrenetarikoa da. Harekin bildu gara bere lanari eta ikerketa munduari buruz gehiago jakiteko.

Rakel Fernandez herritarra ikerlaria da eta azobenzenoekin lan egiten du.

Polimeroen mundua oso zabala da. Guztia da polimeroa. Ez gara konturatzen baina ohiko bizitzan polimero asko dago. Ontziak, botilak, arropa, poltsak... guztiak dira material polimerikoak, naturalak ez badira sintetikoak. Metalak edo zeramikoak izan ezik, beste material guztiak polimeroak dira. Gure gorputzeko DNA-tik hasita,” adierazi digu Rakel Fernandezek polimeroei buruz galdetzean. Izan ere, kimika ikasketak bukatu eta bere espezializazioa polimeroak izan ziren.

Nola hasi zinen ikerketa munduan?
Ikasketak bukatzean Leonardo Da Vinci diru laguntza eman zidaten eta honekin Tolosara, Frantzira joan nintzen CNRSra praktikak egitera. Hau Espainiako CSID-en antzekoa izango litzateke. Ikerketa zentroa da eta bertan sei hilabete egon nintzen. Hori izan zen ikerketarekin izan nuen lehen harremana.

Eta gero doktoretza egiteko dirulaguntza eskatu nuen tesia Donostiako politeknikoan egiteko. Tesia bukatu eta geroztik bertan nago lanean.

Zer nolako lanak egiten dituzu?
Donostiako taldean polimero sintetikoekin, plastikoekin eta naturalekin egiten dugu lan. Azken hauetan daude zelulosa edo quitosanoak.

Honela, materia desberdinak garatzen ditugu erabilera desberdinak kontuan izanik.

Unibertsitatean lan egiten dugunez, ez dugu bilatzen erabilera zehatz bat. Hori zentro teknologikoetan egiten dute. Guk materialen estruktura, estruktura eta ezaugarrien arteko loturak, etab aztertzen ditugu. Ez dugu produktu batentzako erabilera hainbeste bermatzen.

Nire kasuan epoxi materialei buruz egin nuen tesia. Epoxia erretxina da eta gogortzean solidoa geratzen da. Itsasgarrietan edo margoetan erabiltzen da.

Material gardenak dira eta ezaugarri mekaniko eta elektriko onak dituzte. Baina nik ez dut horretarako erabili.

Zein erabilera eman zenion?
Nik material horri beste erabilera bat eman nion, ezaugarri optikoekin.

Molekula jakin batzuekin eraldatu nuen, fotosentikorrak zirenak eta argiarekin ematean orientazio magnetiko zehatz bat sortzen zen.

Ez da erraza ulertzeko baina adibide bat jarriko dut. Material honekin lortu nahi nuena CD edo DVDen antzera datuak jasotzea zen.

Orduan, epoxi material hori laser batekin argituz gero, erreakzio bat sortzen da molekula berezi horietan, azobenzenoetan eta puntu horretan orientazio bat sortzen da.

Eta hori informazio byte bat bezala izango litzateke. Orientazioa duen eremu bat eta bestea, 0 eta 1ak konparatzea bezala izango litzateke.

Horrela epoxi material desberdinak aztertu eta nik gehitzen nizkien molekula fotosentikorrak kontuan izanik, estruktura desberdinak sortzen nituen, kontrakzio kimikoak egiten nituen.

Material horretan zenbat orientazio sortu nezakeen aztertzen nuen, orientazio horrek zenbat irauten zuen... Eta hauek ezabatu eta berriro ere beste orientazio bat eman ahal nion laser edo polarizagailuarekin.

Beraz, azterketa hutsa da...
Bai horrela da. Ez dugu gailua garatzen. Nik materialaren portaera aztertu nuen.

Nahiz eta erabilera baterako zehaztu, materialak aztertu eta moldatzen ditugu.

Eta molekula horiek aztertzen jarraitzen al duzu?
Bai, nik azobenzenoekin jarraitzen dut lanean.

Sistema edo materiala aldatu dut, epoxia, gero blokeko kopolimeroak, hau da, polimeroen nahasketa bat eta orain quitosanoekin ari naiz lanean.

Krustazeoetatik lortutako materiala da, naturala, berriztagarria, biodegradagarri eta gainera bakterizida da.
Erabilera asko izan ditzake etorkizunean, esate baterako, jakien bilgarri bezala. Eta azobenzenoarekin moldatuz beste propietate bat ematen diozu.

Eta ba al da beste talde edo pertsonarik azobenzenoekin lanean?

Egia da aukera gehiago dagoela atzerrian eta gainera, kanpora joan eta gero, hemen ikerlari lan finkoa lortu ahalko nukeela.


Donostian nagoen taldean polimeroekin, epoxi, poliuretano eta polimero naturalekin egiten dute lan eta ni naiz bakarra azobenzenoekin lan egiten duena.

Espainia mailan talde bat ezagutzen dut Zaragozan CSID-en parte dena eta besterik ez.

Eta Euskal Herrian nik behintzat ez dut beste ikerlaririk ezagutzen molekula hauekin lan egiten duena. Beraz, azobenzenoekin moldatutako materialekin lan egiten duen lehen taldea izan ginen Euskal Herrian.

Talde potenteenak Kanadan eta Japonian daude. Horregatik, Kanadan izan nintzen. Azobenzenoetan aditua den talde bat ezagutzera joan nintzen.

Aditu-ihesa dagoela diote, zu joango al zinateke atzerrira?
Nik ikerketa egonaldiak egin ditut. Sei hilabete egon nintzen Tolosan. Tesia Argentinako unibertsitate batekin batera egin nuen eta bi hilabete izan nintzen bertan. Eta Kanadan ere izan naiz.

Baina bizitzera joatea edo bi urteko egonaldia egitea ez dago nire buruan.

Hemendik ateratzea oso interesgarria da, besteek nola egiten duten lan ikusten duzu... eta ikerketa munduan, ikerlariei hori eskatzen zai ikerketa munduan jarraitzeko.

Baina gogorra da ere eta nire kasuan ez nituzke nire familia eta lagunak utziko ikerketarengatik.

Baina aukera gehiago al dago atzerrian?
Egia da aukera gehiago dagoela atzerrian eta gainera, bi urte kanpora joan eta gero, hemen ikerlari lan finkoa lortu ahalko nukeela.

Honetaz gain, hemen aukera gehiago dute atzerritarrek, hemengoa izan eta atzerrira joan ez dena baino.

Eta aditu-ihesa badago ere atzerrian. Hona asko etortzen dira. Ikerketan horrelako elkarlanak oso balioetsiak daude.

Krisia nabaritzen al da ikerketa munduan?
Nabari da. Izan ere, gu diru-laguntzak baititugu ikerketan lan egin ahal izateko.

Tesia egiteko eta doktoretza bukatzean lanean jarraitzeko laguntzak ditugu. Nik tesia eta doktoretza ondorengoa Euskal Herriko Unibertsitateko laguntza batekin egin ditut.

Badaude beste ikerlariak Eusko Jaurlaritzako diru laguntzak dituztenak edo Ministeriokoak.

Orain arte, deialdiak normal atera dira, baina esate baterako, ekainean Unibertsitateko dirulaguntza bukatzen zait eta nik orain Juan de La Cierva dirulaguntza eskatu dut, estatu mailakoa.

Aurten %40 murriztu dute laguntza eta %18 igo da aurkeztu garen ikerlarien kopurua. Hau da, 2.800 pertsona baino gehiago aurkeztu gara eta 200 dirulaguntza emango dituzte, arlo guztientzat fisika, kimika, literatura... Beraz, kasu honetan zaila dago.

Irakaskuntza arloan murgilduko al zinateke?
Niretzat oso aberasgarria izango litzateke ikerkuntza eta irakaskuntza bateratzea.

Baina oso zaila da, oso plaza gutxi daude eta pixkanaka joan behar da.