Udalak hitzarmenak sinatu ditu Ttakun, ikastetxeetako guraso elkarte eta AEKrekin

maider-azurmendi 2013ko uztailaren 10a

Pablo Barrio alkateak 2013-14 ikasturterako hitzarmenak sinatuta utzi ditu Ttakun, ikastetxeetako guraso elkarteekin eta AEK euskaltegiarekin. Ikasturtea hasi aurretik "euskalgintzako eragile bakoitzak zehaztuta dauka zein programa dituen hitzartuta eta zein diru-laguntza izango duen horiek gauzatzeko" azaldu dute udaletik.

Herriko ikastetxeetako guraso elkarteetako lehendakariak, alkatea, Ttakuneko lehendakaria eta AEKko arduraduna hitzarmenak sinatu ostean.
Udalak azaldu bezala, eguerdian sinatutakoen artean hitzarmen handiena Ttakun Kultur Elkarteko lehendakariarekin,Tomas Arrizabalagarekin sinatu da. Kultur elkartearen baitan hitzartutako programak hamar izan dira eta, aurreko ikasturteko programa berdintsuak izan arren badira berrikuntzak. Aipagarriena euskara zerbitzuak nabarmendu duenez, Familia Programa da. Honen bidez, herriko ikastetxeekin elkarlanean, gurasoen hizkuntza-praktikak lantzeko baliabideak eskainiko dira.

Hitzarmenak, 176.742euroko diru-laguntza jasotzen du eta 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 31 bitarteko iraupena du. "Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da programa guztien antolaketa osoaz, informazioa emateaz, behar diren langileak kudeatzeaz, ebaluatzeaz eta dirua kudeatzeaz".

Hitzarmenak ikastetxeekin
Bestalde, Alkateak herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteetako lehendakariekin ere hitzarmenak sinatu ditu, Sasoetako Burunzpe guraso elkarteko Pello Sanchez lehendakariarekin, Institutuko Kaxkarro guraso elkarteko Juan Jose Martín lehendakariarekin hitzarmen bana eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko Joxe Saroberekin bi, lehen hezkuntzako ikastetxeko programekin bat eta bigarren hezkuntzakoekin bestea.

Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeetako aldizkariak, Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi, pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa edo Gu ere bertsotan egitasmoa bezalakoak.

Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bai dirutan, guztira lauen artean, 43.956,86 euroko aurrekontua suposatu dio Udalari.

AEKrekin bigarren urtea
Urte askoren ondoren, Muntteri AEK-rekin hitzarmena adostu zuen iaz udalak eta jarraipena eman dio. Olatz Urdanpilletak lagunduta hitzarmena AEK-ko arduradun den Mertxe Mugikak sinatu du.

Honen baitan lau egitasmo izango dira udalak diruz lagunduko dituenak: Herriko ikastalde jakinei zuzendutako ikastaroak emateko 10.160 euro, Askatu mingaina! programarako 1.500euro, Irakurzaletasuna sustatzeko programarako 800euro eta Autoikaskuntzako mintza-saioak laguntzeko 990euro. Guztira, 13.450euroko diru-laguntza.

Udaleko ordezkarientzat "garrantzitsua da euskalgintzako gizarte eragileek egiten duten lan handi horrekin jarraitzea eta pozik gaude lankidetza-eredu hau indartzeaz".