
Buruntzaldea IKT-ko igerilariak Euskal Herriko junior, promesa eta absolutu mialko txapelketan lortutako dominekin.
Buruntzaldea IKT-ko infantil, junior, promesa eta absolutu mailako igerilariek uztailaren 6an eta 7an, Tolosa eta Gasteizen ospatu ziren Euskal Herriko Udarako Txapelketetan izan ziren parte hartzen. Emaitza bikainak lortu zituzten taldeko igerilariek, 2 urre, 7 zilar, 2 brontze, 17 marka pertsonal berri eta infantil mailako Espainiako txapelketarako gutxieneko bat.
Gasteizen junior, promesa eta absolutu mailako igerlariez gain, Iñigo Ibarburu infantila izan zen lehian.
Itsaso Tolosak lau domina eskuratu zituen bizkar probetan, hiru zilarrezko eta brontzezko bat.
50 m. bizkar proban junior mailako txapeldunorde izan zen; 200 m. bizkar proban ere bigarren izan zen, bai maila absolutuan, baita bere mailan ere eta 100 m. bizkar proban brontze lortu zuen.
Haitz Mitxelena ere podiumean izan zen baina kasu hoentan tximeleta probetan. 100 m. tximeletako promesa mailan txapeldunorde izan zen eta 200 m. tximeletan “sekulako proba” egin eta zilarrezko domina eskuratu zuen.
Bi proba hauetan eta 50 m. tximeleta proban bere marka pertsonalak jaitsi zituen Buruntzaldea IKT-ko igerilariak.
Iñigo Ibarburu infantilak, berriz, 100 m tximeleta proban txapeldunorde izan zen absolutu mailan. “Bere aurretik Markel Alberdi mundialista baino ez zen izan,” azaldu digu Borja Apeztegia entrenatzaileak.
200 m. eta 400 m. libre probetan, berriz, bere marka pertsonalak hautsi zituen 2 eta 3 segundutako hobekuntza lortuz.
Azkenik, nahiz eta dominarik ez eskuratu, Mikel Esnalek 50 m. libre proban bere marka hautsi zuen eta 100 m. libre proban bere marka onena berdindu zuen.
Infantil mailako txapelketa
Buruntzalde IKT-ko gainontzeko infantilak Tolosan izan ziren borrokan eta hauek ere ez zuten hutsik egin.
Naiara Lizaso 50 m. libre proban txapeldun izan zen. “Inoiz baino luzeago eta txukunago igeri egin zuen,” azaldu digu Borja Apeztegiak. Proba honetan lortutako markak Espainiako txapelketan egoteko txartela eman dio.
Era berean, 100 m. eta 200 m. libre probetan txapeldun orde izan zen. Azken proban honetan gainera marka pertsonala egin zuen.
Ainara Garcia, berriz, 50 m. bular proban marka “ederra” egin eta zilarrezko domina eskuratu zuen. 100 m. eta 200 m. bular probetan ere ederki ibili zen eta bere marka pertsonalak hobetu zituen.
Mikel Sotok ere “marka bikaina” egin zuen 50 m. bular proban, baita domina ere, brontzezkoa. Eta Ainararen antzera 100 m. eta 200 m. bular probetan marka pertsonal berriak lortu zituen.
Eta Janire Berasartek ere 100 m. libre proban marka pertsonala egin zuen.
Era honetara, “emaitza politak lortuz amaitu dute igerilari gehienek denboraldia. Orain ondo merezitako oporraldia izango dute gehienek eta beste batzuek Espainiako Txapelketa lehiatu beharko dute” azaldu digu Apeztegiak.
Debako Itsasmila
Bestalde igerilekuaz gain, itsasoan ere trebeak direla erakutsi dute. Uztailaren 6an, Deban itsasaldien denboraldia hasi zen.
Bertan Mauri Rodriguez, Jose Luis Sevillano, Yoli Pastor eta Juan Vicente Martin masterrak eta Ainhoa eta Leire Martin eta Paula Sevillano benjaminak izan ziren lehian.
“Uretan sartzeko benetan itsaso zakarra izan zuten Debara hurbildu ziren igerilariek eta bat baino gehiagok atzera buelta egin behar izan zuen,” adierazi digu Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak.
Hala ere, Leire Martinek itsasoari aurre egin eta 11 urtetik beherakoen artean lehorreratzen lehena izan zen.
Eta txiki guztiek proba egiteagatik “ondo merezitako dominatxoa” eskuratu zuten.
