Parte hartzea eta akordioak Biduren bi urte hauetako lanaren oinarri

maider-azurmendi 2013ko uztailaren 11

Bilduko zinegotzien udal gobernu taldeak orain arte eginiko proiektu eta lanak baloratu eta azaltzeko agerraldia egin du Okendo plazan. Pablo Barrio alkatearen hitzetan “ezin balorazio positiboagoa” egiten dute orain arte burututako lanaz. Gainontzeko alderdiekin akordioetara iristeko gaitasuna eta herritarren parte hartzean emandako urratsak nabarmendu dituzte.

“Legegintzaldi hasieran helburu xume baina esanguratsuak jarri genizkion gure buruari zegoen egoera ikusita eta pixkanaka gure erronkak handitzen joan gara”. Hitz hauekin hasi du Pablo Barrio alkateak Okendon Bilduko zinegotziek egindako agerraldia. Bi urte hauetan egindako lanaren balorazioa egin nahi izan dute.

Alkateak adierazi duenez, “gutxiengoan zegoen gobernua izanik, gai izan gara gainerako talde politikoekin akordioetara iristeko, erabaki estrategikoak hartzeko gaitasuna erakutsi dugu, eta, horren ondorioz, gobernatzeko gaitasuna. Politika egiteko beste modu bat ezartzen duten lehenengo urratsak eman ditugu: gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta herritarrengandik gertu egotea” dira orain arteko lanaren adierazle nagusiak.

Legegintzaldiaren hasieran esandakoa betetzen ari direla esan du Barriok eta garrantzia eman dio aldaketari, “badago gobernatzeko eta politika egiteko beste modu bat”.

Akordioak
Gaur egun arte, urteroko aurrekontuak onartzeko gaitasuna izan dutela adierazi du LOHP eta EAJrekin “era berean, urteroko ordenantza fiskalak onartzeko gai izan gara”. Orokorrean akordioei dagokienez, “legegintzaldiaren bi urteetako balorazioa ezin da positiboagoa izan”.

Udalerriaren etorkizuna markatuko duten “erabaki estrategikoak” aipatu nahi izan ditu alkateak jarraian. Honen baitan kokatu dituzte 3. sektorearekin eta komertzio txikiarekin hartutako konpromisoa, industria astunaren gainbeheraren aurreko alternatiba proposamena, herriko aniztasun kulturalarekin burutzen ari den bidea besteak beste.

Azpimarratu du “legegintzaldiaren hasieran garbi genuen udal politika ezin zutela markatu lau urtetik behin egiten diren hauteskundeek, Udal kudeaketak herritarren etengabeko parte-hartzea eskatzen duela, herritarrak baitira kasu askotan gure herriak dituen beharrak ondoen ezagutzen dituztenak”.

Horretarako herritarren Parte-hartze Departamentuaren sorrera “2012ko udaberrian auzoetan lehenengo bilera erronda bat egiteari ekin genion, bertan 400 pertsonatik gora bilduz. Orduan emandako hitzari eusteko, hurrengo urteko udaberrian auzoetara itzuliko gara”. Auzoetan burututakoaz gain, beste prozesu batzuk ere aipatu ditu alkateak, Tokiko ekonomiari dagokiona, Mitxelin II proiektua, Inauteriak edo herriko festak antolatzekoak, Tximistarreta parkearen erabileraren ingurukoa, kirol diru laguntzen ingurukoa, auzo elkarteekin egindako bilerak…

Azkenik normalizazio eta berradiskidetze politikoa aipatu nahi izan dute Biduko udal ordezkariek, batetik, oroimen historikoaren berreskurapenaren alde lanean dabilen Islada ezkutatuak taldearekin elkarlanaren garrantziaz mintzatu da eta bestetik, elkarbizitzaren inguruan hasitako lana Baketik fundazioarekin batera. “Argi daukagu alderdi politiko guztion konpromisoa eta zintzotasuna eskatzen duen lana dela eta gure aldetik ahaleginak egingo ditugula bide berrian harri guztiak kendu eta denon artean aurrera egiteko”.

Balorazio hau ez da Bilduk egingo duen bakarra, agerraldian azaldu moduan herritarrei ere udal gobernuaren balorazioa egin dezaten inkesta bat bidaliko zaie irailetik aurrera.