Saharako bost umek pasako dute uda Lasarte-Oriako familiekin. Ekainaren bukaeran iritsi ziren eta uztailean Txokoetan parte hartzen ari dira. Eguerdian udalak harrera ekitaldia egin die Gaztelekuan eta bertan senideen, txokoetako lagunen eta Porrotx pailazoaren babesa izan dute.
Porrotxek ongi etorri beroa eskaini die haurrei. Pailazoak bere kontu eta magiarekin liluratuta utzi ditu aretoan bildutako haur zein helduak. Txokoetako haurrekin batera eta Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako buruak gidatuta, Porrotxen laguntzarekin, Saharako haurrak euren herrialdean nola bizi diren hobetu ezagutzeko argazki sorta ikusi dute.
Teslem, Mrabih, Abdalahi, Nawia eta Teslementzat opariak ere egon dira, Porrotxek ekarritakoak, udalaren partez baita Txokoetako lagunek prestatutakoak. Ongi etorri alaia familia argazkiarekin bukatu dute. Saharako bandera atera dute haurrek eta Gora Sahara! ozen batekin egin dituzte argazkiak.
Hala ere, Jaizkibel plazara irten eta bertan zeuden txokoetako haurrak ezusteko batekin, kartulinekin ikurriña eta Saharako bandera erraldoiak egin dituzte.Txalo artean hartu dituzte bost bisitariak eta musikak lagunduta, dantza eta festa giroan amaiera eman diote goizari.

