Kultur Kale Zikloa tabernetatik kalera atera da

jon-altuna-egitegi 2013ko uztailaren 14a

Udalak eta Xpresionk!-ek antolatutako Kultur Kale Zikloa ekimena Okendo plazara atera zuten larunbata arratsaldean, Low Riders taldearen kontzertuarekin. Jende ugari hurbildu zen country, blues, rock eta cow-punk doinuez gozatu asmoz, arratsalde giro epel eta goxoa aprobetxatuz.

Laukote bereziak osatzen du Low Riders, laukote bitxia, internazionala. Abesten eta gitarran Marek eslovakiarra aritu zen, baxuan Karmelo zarauztarra, gitarrista bakarlari gisa Michal txekiarra eta bateria joz Nagore zumaiarra. Batez ere, Johnny Cash, Hank Williams edota Iggy Pop ezagunen bertsioak jo zituzten larunbat arratsaldeko kontzertuan, baina aipagarria da HighTimes diskoa labean egosten ari direla abesti propioekin eta laster euren doinuak entzuteko aukera izango dela. Kultur Kale Zikloa kalera ateratzeko proposamenaz benetan harro mintzo zen Jokin Telleria Xpressionk-eko kidea, “bete-betean asmatu dugula uste dut, ekimen honen filosofia musika herritarrei gerturatzea izan da, urte osoan zehar tabernetan egindako lana ikusgarriago egin eta kontzertuak kalera ateratzea erabaki dugu”. Ez da hau Kultur Kale Zikloa kalera aterako den azken aldia izango, hurrengo astean, uztailaren 20ean, Sagardotegi plazan NOS (New Orleans Sound) taldea izango da entzungai, eta hemendik bi astetara The Cotttontails (Swing, Jazz), berriro ere Okendon.