Lasarte-Oriako Alboka Abesbatzak uztailaren 6 eta 7an Kantabria aldera egin zuen bidaia. Herriko abesbatzak Brumas Norteñas abesbatzarekin egindako elkartrukeari esker, Comillasen antolatzen den San Cristobal abesbatzen topaketan parte hartu zuen, “Los Templarios” eta “Brumas Norteñas” abesbatzekin batera.
Kristina Perez eta Montse Latorrek zuzentzen duten taldeak, besteak beste, Mozarten “Ave Verum corpus”, Sorozabalen “Kuku” edo Mocoroaren “Sorgin dantza” doinuak eskaini zituen. Ikusleek asko gozatu zuten emanaldiaz eta haien txalo zaparradarekin bis bat eskatu zuten. Alboka Abesbatzak “Kantuz”, Lesbordesen doinua eskaini zuen.
Abesteaz gain, Santillana del Mar eta Santander ezagutzeko aukera ere izan zuten abesbatzeko kide eta bazkideek.
