Berritasunak XXIX. artisau azokan

jon-altuna 2013ko uztailaren 15a

XXIX. Santa Ana Eskulangintza Azokan ikusiko da gauza berri bat edo beste datorren igandean Okendo inguruan: Baratxuri buruak lotuz txirikordak egiten dituen saltzailea, banbuarekin kutxa eta altzariak egiten dituen artisaua eta lanpara artistikoak egiten dituen arotza, besteak beste. Artisauak Okendo plazan jarriko dira, Lasarte-Oriakoak arkupetan eta janari saltzaileak Udaletxe atzeko Antonio Mercero plazan, gutxi gorabehera 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara bitartean. Antton Salsamendi Sendoki elkarteko antolatzaileak adierazi digunez, uztailaren 21eko azokan parte hartuko duten ia 30 artisauetatik 10 dira herrikoak. Cesar Bozal herriko labangileak sukaldeko aizto berezi eta ikusgarria egin dio Pedro Subijana sukaldariari.

Euskal Herri osoko artisauek beteko dute igandean Okendo ingurua. 30 eskulangile inguru arituko dira euren lana erakusten eta egindako produktuak saltzen, horietatik hamar Lasarte-Oriakoak: Aizto eta labanak egiten dituen Cesar Bozaletaz gain, bitxigintzan aritzen diren, Susane Rebe; Vanessa Redondo eta Vanessa Herce; “Fofito” panpinak eta ezkontzetako burukoak egiten dituzten Koro Ortega eta Arantxa Martin; larrugintzan diharduen Serbando Iglesias; abalorio eta pitxiak sortzen dituen Itziar Mendiluze. Honek ikusleei pitxiak egiten saiatzeko aukera eskainiko die bertan eta gaztetxoentzat paperezko txirikordak eta panpinak egiteko beste bi tailer ere jarriko dira.

Gainera, Emakumeen Zentro Zibikoko eta Ehozirien Taldeko hainbat lasarteoriatarren lana ere ikusi ahal izango da, igandean, goiz eta arratsaldez, Okendon.

Pedro Subijana omenduko du aurten artisauen azokak. Cesar Bozal herritarrak eskuz egindako labana oparituko dio. Dena den, sukaldari ezagunak bisita laburra egingo du azokara. 11:30etan iritsiko da Okendora, ordu laurden geroago egingo zaio omenaldia eta azokan bira azkarra egin ondoren itzuliko da bere zereginetara.

Azken egunotan ari da Cesar Bozal aiztoa bukatzen.
Cesar Bozal egun hauetan ari da aizto berezia bukatzen. Aiztogilea bera hasi zen Jose Mari Berasarterekin batera sukaldari ezagunei aiztoak oparitzen; Arzak, Berasategi eta De Jorgek jaso dute aurreko urteetan eta aurten Pedro Subijanaren txanda iritsi da.

Sukaldariak atsegin duen aiztoa egiteko Subijanarekin berarekin hitz egin zuen artisauak eta tipula mozteko aizto motza egitea erabaki zuen: “esku handia dauka, baina aizto motzak eta txikiak gustatzen zaizkio eta 20 zentimetroko xafla zabala jarri diot, Suediako 12c27 altzairuarekin egina. Aspaldian lan guztiak altzairu honekin egiten ditut. Kalitate eta malgutasun handikoa da”. Heldulekuari dagokionez, hiru parte izango ditu: “oso kirten profesionala egingo diot erretxinarekin egonkortutako egurrarekin. Oparitutako aizto hauek ez dituzte erabiltzen normalean, baina erabilita ere, sukaldariek ez lukete urratzeko inolako arazorik material oso onarekin eginda baitaude” esan digu Cesar Bozalek.

Eskaintza oparoa
Euskal Herri osoko beste hainbat artisauen ondoan izango du bere tokia Bozalek. Zenbait aizto eramango ditu saltzeko Santa Ana azoka honetara eta argitaratu duen azken liburuaren ale batzuk ere bai.
Antton Salsamendi antolatzaileak esan digunez, izango dira nobedadeak azokan: banbuarekin altzari, armairu eta kutxak egiten dituen artisaua esaterako, baita aintzinako erara egurra landuz sehaska, erloju erraldoi eta beste altzari handi batzuk egiten dituena ere, edo krisiak sortutako artisaua, aroztegia itxi eta lanpara artistikoak egiten hasi zen arotza. “Denetarik egongo da, otarra, arropa, larru, alpargata, panpin, zeramika eta abar” esan digu Salsamendik.

Jateko ugari
Bestalde, Euskal Herrian egindako hainbat produktu dastatu eta erosteko aukera ere izango da azokan. Guztira ia 30 produktore etorriko dira: gaztak, kontserbak, opilak, goxoki, erroskila eta pastelak, txokolateak, urdaiazpiko, txorizo, pate eta beste hainbat kutixi salduko dituzte. Ukendu eta xaboi saltzaileak ere jarriko dute postua eta aurtengo berezitasuna baratxuri buruekin txirikordak lotzen dituen saltzailea izango da. Sortak egiteko baratxuriak nola lotzen dituen erakutsiko du Udaletxe atzean, Salsamendi antolatzaileak jakinarazi digunez.

Gainera, gaztetxoentzako bi tailer jarriko dira aurten Okendoko azokan, panpinak eta paperezko txirikordak egiten ikasteko. Ekimen hau Udalak gaztetxoentzat antolatu dituen kaleko ikastaroen barruan kokatzen da.

Sendoki Kultur Batzordeak Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Euskara Batzordearekin batera antolatzen duen azoka honetan leku berezia izango dute Lasarte-Oriako artisauek, arkupetan. Hain justu, arkupea izango da artisauak eta jakien saltzaileak banatuko dituen muga: Okendon jarriko dira artisauak eta Mercero plazan janari produktoreak. Hauek aurretik Sagardotegi kalean egoten ziren, iaz, tokiz aldatu ziren arte. Antolatzaileek egokia ikusi dute kokapen berria eta aurten ere hor izango dira.
Azken urteotan egin den bezala, uztaileko azken aurreko igandean, artisauen “xarma” berezia helduko da Okendo plazara.