Karmengo Ama zaindariaren eguna ospatuko dute Oria auzoko bizilagunek astearte goizean eta ez da bertan musika zein giro onik faltako. Solano Musika Eskolako trikitilariak goizeko 10:00etan hasita Oria auzoako giroa alaitzen arituko dira.
Karmengo kaperan eguerdiko 12:00etan egingo da meza nagusia. Ohikoa denez urtean zehar hildako auzotarrak gogoan izaten dira, eta aurten, bereziki, hil berria den Mertxe Galdos Biyak Bat zaharren etxeko lehendakariaren omenez emango dute Juan Luis Murua, Xabier Andonegi eta Ramon Uribetxeberria herriko apaizek.
Mezatan Erketzeko dantzariek Agurra dantzatuko dute eta Pilar Catalina sopranoak kantatuko du, Amaia Dorronsoro organoan lagun duela. Bukaeran, denek Karmengo Amari eskainitako Salve ezaguna kantatuko dute. Meza ostean, urtero bezala, Karmen Egunean Oria auzoko ospakizunera hurbiltzen diren guztiei hamaiketakoa eskainiko diete Plazido Muxika plazan.