Lehia bizian atleta eta triatletak

Nerea Eizagirre 2013ko uztailaren 15a

Lasarte-Oriako atletak eta triatletak txapelketaz txapelketa dabiltza. LOKEko gazteek denboraldiko azken probetan ari dira lehian, herri lasterketetan dabiltzan korrikalariak mendiko probak dituzte batik bat eta triatletek ere denboraldiko azken probei aurre egingo diete udan.

LOKEko Eneritz Busto eta Idoia Olasagasti Espainiako txapelketan izan dira.
Lasarte-Oriako korrikalari eta triatletek ez dute atsedenik hartzen. Aurreko asteburuan, uztailak 6 eta 7an, LOKEko kadeteak Espainiako txapelketan izan ziren, korrikalariak Añorgako herri krosean eta triatletak Garaiko triatloian. Asteburu honetan, berriz, Ehun Miliak eta G2Handiak probetan izan dira herritarrak.

Espainiako txapelketa
Aipatu legez, Kadete mailako Espainiako txapelketan izan ziren LOKEko Eneritz Busto eta Idoia Olasagasti gazteak eta lan ederra egin zuten biek. Eneritz Bustok bi probatan parte hartu zuen, 100 m. hesi-lasterketa eta altuera, eta bietan izan zen finalean.

Busto bosgarren izan zen 100 m. hesi lasterketako finalean eta bai kanporaketan baita finalean ere denbora bera egin zuen, 15sg37. Bere marka hoberenetik gertu. Altuera proban era lan ona egin zuen Eneritzek. 1,48m., 1,52m. eta 1,59m. altuerak lehen saiakeran gainditu zituen. Orduan, bere marka hobetzeko aukera izan zuen 1,63m.-ra langa igota. Baina ezin izan zuen hau gainditu eta azkenean, zazpigarren izan zen. Idoia Olasagastik 100 metro lasterketan parte hartu zuen. Finalerdikoetarako sailkapena lortu zuen 13,00sg-ko denborarekin. Baina finalerdikoan ezin izan zuen hori gainditu, 13,42sg eta finaletik kanpo geratu zen.

Oskar Goikoetxea entrenatzaileak azaldu digunez, atleta gazteek haizea izan zuten aurka eta horrek ere markak hobetzea galarazi zuen. “Esate baterako, Eneritzek ez zuen zorterik izan finalean, -3,2-rekin egin zuen lasterka eta horrela, ezin da markarik hobetu”. Hala ere, “bi atleta gazteek Estatuko ranking-ean aurrera egin dute emaitza hauekin, beraz, oso pozik gaude”.

Herri lasterketak
Hau guztiaz gain, lasterketa ugari dago eta gure herritarrak ere bertan aritu dira lehian. Aurreko astean, uztailaren 6an, Añorga Txikiko I. Herri krosa izan zen. 6 kilometrotako proba honetan, bi herritar izan ziren podiumean. Raul Gomez Margallo herritarra bigarren izan zen gizonezkoen mailan eta emakumezkoenean, Nieves Civicos hirugarren izan zen. Asteburu honetan, Ehun Miliak eta G2Handiak probetan izan dira sei herritar.

Triatloia indarrean
Bestalde, triatloiak indarra hartu du Lasarte-Orian. Denboraldi osoan zehar Saiatuz taldeko kideak eta herriko triatletak ederki ibili dira lehian. Lehengo asteburuan, Euskadiko txapelketa zen Garaiko 3. Triatloia jokatu zen, Mutriku eta Garaia herriaren artean. Parte hartzaileek ironman erdia egin zuten: 2 kilometro igerian, 90 kilometro bizikletan eta 21 kilometro korrika.

Pili Bodegas Onditz oroimenezko probaren podiumean
Lasarte-Oriako Saiatuz taldeko Noemi Montero 5. postuan amaitu zuen emakumeen mailan eta gizonen artean, Jose Ramon Altuna, Trigoi Triatloi taldeko herritarra 20. postuan iritsi zen helmugara. Honetaz gain, Saiatuz taldeko eta herriko triatletak ekainaren 22an, Lekeition izan ziren eta ekainaren 30ean, Donostiako triatloian, Onditz oroimenezkoan parte hartu zuten.

Donostian, Antxintxika taldeko Pili Bodegas Gipuzkoako txapeldun izendatua izan zen eta Lekeition, berriz, Imanol Arteaga izan zen herritarren artean azkarrena.