Euskara, kultura eta hezkuntza zinegotzia da EAJko ordezkaria. Aurreko astean sinatu zituen Euskara alorreko hitzarmenak herriko elkarteekin, asteazkenean berriz, kultura sailekoen txanda izango da.
Sinatu dira euskara hitzarmenak herriko elkarteekin. Zein izan da finkatutako helburua?
Euskara herrian sustatzeagatik, AEK, ikastetxeetako guraso elkarteak eta Ttakunekin sinatu dira hitzarmenak. Azken hau da handiena. Programa guztiak datorren ikasturtera begira bermatuta izatea bilatu da. Ekimenek udalaren babes ekonomikoa ziurtatuta dute.
Zer nabarmenduko zenuke?
Gure konpromisoa diru laguntzen kopurua mantentzea izan da. Hau kontutan hartuta, elkarteek ekintzen zirriborroak aurkeztu dizkigute eta hauekin itxi ditugu hitzarmenak.
Iaz 2012-13 ikasturterako AEK-ren hitzarmenean udal euskaltegiaren beka portzentajera berdindu zen. Orain beka sistemen araudi berriarekin, hitzarmenetik atera dira.
Beharrezkoak dira diru laguntzak?
Administrazio bakoitzak bere eginkizunak ditu eta udaletxe baten lehentasuna herriko elkarte eta taldeek izan behar dute. Hauek laguntzea da gure lehentasuna eta dirua hauetara bideratu behar dugu.
Hitzarmenek alderdi guztien babesa izan al dute?
Ez dira aho batez onartu baina ez da kontrako bozkarik egon. Alderdi batzuk abstentzioa erabaki dute baina nire ustez hitzarmenok babesa dute. Aurretik zegoen bidea jarraitu da hitzarmengintzan eta ez litzateke koherentea izango kontra azaltzea. Aberasgarria izan da gainera batzordean sortu diren eztabaidak eta sortutako elkarlanerako aukerak.
Zergatik hitzarmenak?
Udalak definitu behar du zergatik egin elkarte batzuekin hitzarmena eta horretarako berezitasun bat bilatzen da. Euskara zerbitzukoei dagokionez, euskararen sustapena dute xede elkarteek.
Programa guztien oinarria da euskara eta herriko elkarte handiena da Ttakun alor honetan. Euskara sustatzeko 20 urte baino gehiago daramatza lanean eta hasieran bezala, udalaren laguntza du. Bestalde, guraso elkarteekin hitzarmenak egiten dira ikasturteko hainbat egitasmo finko ziurtatzeko. AEK-rekin iaz udala eta euskaltegiaren arteko harremana sendotu nahi zen eta egitasmo konkretuak gauzatzeko tresnak eman zitzaizkien.
Hitzarmenek amankomuneko puntu bat dute, xede talde berezi bat, gurasoen eta familia arteko transmisiorako programak. Amaraun bidez gauzatuko du Ttakunek, AEK-k saioak eman eta guraso elkarteek kudeatuko dituzte.
Zinegotzi lanetan zein da zure helburua?
Lehenengo helburua izan da elkarteek jasotzea udala laguntzeko dagoela, ez trabak jartzeko. Pertsonalki herritar eta herriko elkarteekin harreman zuzena landu nahi izan dut. Orain arte elkarteekin sekulako lana eginda zegoen baina batez ere kulturari dagokionean, zinegotziarekin egoteko arazoak zeuden. Hori gainditzen saiatu naiz.
Krisi ekonomiko garai honetan elkarteak babestu behar dira eta kasu batzuetan, herriko kultur elkarte batzuei euren ikuskizunengatik, katxe txiki bat ordaintzea lortu da. Hurrengo pausoa elkarteek kultur “agenda” dinamizatzen parte aktibo izatea litzateke. Iaz bilerak egin genituen. Datorren ikasturtera begira hau izango da erronka nagusia.
Kultur etxearen erabileraz hika mika sortu da batzuetan.
Lehen kultur etxeko areto eta gelen alokairurako prezio publiko garesti bat zegoen jarrita eta apenas alokatzen zen. 2013an tasa horiek murrizteko proposamena egin zen batez ere herriko elkarteei begira. Pentsatu zen agian herriko elkarteek interesa izan zezaketela aretoa alokatu eta ikuskizun bat ekartzeko. Sarrerako dirua eskuratzeko.
Egia da kexak izan direla baina udalbatzarrak gehiengoz onartutako tasak aplikatu dira. Herriko hainbat elkartek aretoa zein dantza eskolako gela erabiltzen dute ikasturtean dohain entseguak egiteko. Aretoa bestelakoetarako eskatu dutenean tasak aplikatu dira. Badakit tasak aldatzeko proposamen politiko bat lantzen ari direla.
Kulturako hitzarmenak desberdinak dira?
Euskararekin alderatuta bai. Hauetan baloratzen dira ere elkarteei urtean zehar udaletik eskatzen zaizkien herriarentzako ekitaldiak. Adibidez, Erketzi San Pedrotako emanaldia eskatzen zaio, Albokari jaietako omenaldian kantatzea.
Zer eskaini behar da Manuel Lekuona betetzeko?
Kulturan bez-a %8tik %21era igo zen eta nahiz eta partida ekonomikoak mantendu galdu egin dugu kontratatzeko gaitasuna. Amateurrekin lan egiteko asmoa genuen baina mundu hau profesionalak bezala tratatzen ditu gizarte segurantzak eta udaletxeak arazoak izan ditzake, antzezle bakoitzak ez dauka kontrato bat. Badakigu gertuko udaletan isun ekonomikoak izan dituztela.
Hala ere, programazio erakargarria egiten saiatzen gara. 2012an ikusle kopurua nabarmen igo zen orokorrean, 2013an behera egin du berriz. Zergatik? arrazoiak asko izan daitezke, oraindik Donostiara begiratzen da, lasarteoriasarean weba sortu genuen hain zuzen, sarrerak online erosteko aukera izateko etab. Eguraldiak zerikusia izan duela pentsatzen dugu baita krisiak ere.
Hezkuntzan berriz, eskolako jantokiak hizpide...
Legealdi hasieratik horiek izan dira gaiak. Helburua jangela eta udal haurreskola zerbitzuak zegokien administrazioek hartzea izan zen. Haurreskola hartuta, jangela konponbidean da.
Hezkuntzako delegatuaren aldaketa lagungarria izan da. Orain diote epe motzean Garaikoetxeak jantoki propioa eduki dezakela. Hau gauzatuko litzateke ipar Europan hain ohikoak diren egurrezko eraikin batekin. Landaberri eraikinean berriz, hezkuntza delegazioak ez du datarik jartzen baina itxaropentsu gaude.
Bi urte gelditzen zaizkizu.
Euskara alorrean, duela ia bi urte martxan jarritako udal barruko euskararen erabilera bultzatzeko bidegorriak aurrera egitea nahi dut. Bestalde, orain arteko programa guztiak mantendu eta kulturan, elkarteak programazioaren parte izatea.
Kultur etxean inbertsioak egitea lortu nahi nuke ere. Manuel Lekuonak 20 urte beteko ditu eta zaharra gelditu da. Zinea digitalizatu, audio sistema berritu, liburutegiari buelta bat eman beharko genioke. Garaikoetxean jangela martxan ikusi eta Landaberrikoa gauzatze bidean utzi nahi nuke.