Ostiralean GHK-k jakitera eman zuen Zubietako errauste plantaren lanen etetearen erabakia. Hala ere, egunotan hainbat informazio kaleratu da honen inguruan eta erakundeak argibideak emateko oharra egin du publiko ostiralean emandako arrazoiak azpimarratu nahian. Lanetan baldintza teknikoak ez direla bete azpimarratu da besteak beste.
"Arrazoiak, hedabideen aurrean agertu bezala, tekniko-juridikoak dira. Alegia, alde batetik hondakin solido edo zepa kutsakorrak tratatzeko azpiegitura, eta errauts toxikoak tratatzeko azpiegitura kentzea baimendutako proiektutik, eta, bestetik, eraikuntza osoa baimendu baino hiru metro gorago eraikitzea, horrek lekarkeen eragin bisual eta kutsakorrik aztertu ere egin gabe. Lanen etetea gaur bertan jakin arazi zaie enpresei.
GHKko aurreko lan taldeak errauskailuaren lanak azterketa geoteknikorik gabe hasi zituen, eta horrek lur mugimenduak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimendu baino handiagoak izatea ekarri zuen, eta ondorioz eraikin behar ziren azpiegituraguztiak kabitzeko nahikoa leku ez zen geratu. Eta horregatik erabaki zen lizitaziotik kanpo uztea eta bertan ez eraikitzea errauskailuaren arriskua txikitzeko ezinbesteko
diren bi azpiegitura horiek.
Beraz, ez da egia kutsadura tratatzeko azpiegiturarik ez dela inoiz agertu Zubietako errauste plantaren proiektuan. Kontrakoa Lizitazio dokumentura iritsi aurretiko aurreproiektu, foru araua, ingurumen agindu eta egitasmoaren atal guzti-guztietan ageri dira, hasieratik bukaerara.
Hondakin solido kutsakorrak eta errauts toxikoak tratatzeko azpiegiturak Zubietako Erraustegiaren proiektua abian jartzeko Gipuzkoako Batzar Nagusiek (Foru Araua 7/2008) 2008ko abenduaren 23an onartutako Gipuzkoako Hondakin Urbanoen Kudeaketarako Plangitza Integralaren Garapen Dokumentuan ageri dira. Biak hala biak, ondo baino hobeto zehaztuta eta explizitatuta. Eta berean, 2009ko uztailaren 21ean, Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak onartutako (Foru Dekretua 24/2009) Lurralde Plan Sektorialean ere ageri dira. Baina ez horietan bakarrik, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimendutako Ingurugiro Baimen Bateratuan ere (2010eko apirilaren 23an). Eta, nola ez, baimen eta arau horiek guztiak jaso dituen Erraustegi Plantaren aurreproiektuan ere. Eta, urrunago joanez, baita baimen eta arau horiek denek oinarri, marko eta agindu duten lege guztietan ere, bereziki hondakin kutsakorren tratamenduari dagozkionetan.
Noiz geratzen dira, beraz, proiektutik kanpo? Errauskailuaren esleipen dokumentua egiten denean, beste proiektu bat eraikitzea interesatzen delako.
Bereziki larria da esatea errauts toxikoak tratatzeko azpiegitura inoiz ez dela kontuan hartu. Gezurraz izateaz gain, legez kanpokoa litzakeelako horrela izatea. Beti hartu da kontutan, lizitatu den arte. Errauts horiek hain dira arriskutsu eta kutsakorrak ezen legeak hondakin arriskutsuentzako zabortegi bereziak aurreikusten dituela.
Hondakin solidoen tratamendurako azpiegitura, legea urratuz lizitaziotik kendu eta gero, baimen zain zegoela esatearekin, argi uler liteke baimenik gabeko egitasmoa zela honako hau, berez legeztatuta zegoelako onartu zen egitasmoan. Uler liteke gainera legearen aurretik eta Gipuzkoako erakunde publikoen eskumenen gainetik, errauskailua edozein moduz egiteko interesa jarri nahi izan dela.
Hondakin kutsakor horiek tratatzeko azpiegiturak eraiki gabe, errauste plantaren inugurumen eragina txikiagoa litzatekeela esatea gezurra baino areago astakeria da. Eraikuntzaren neurriak ez, eraikuntza horretan gertatzen den prozesuak sortzen duen kutsadura tratatu gabe uzteak du eragina ingurumenean, berezko arriskuak ikaragarri handitzen direlako gipuzkoar guztion osasunarentzat".
