Oriatarrek ospatu dute Karmengo Amaren eguna

jon-altuna-iza 2013ko uzt. 16a, 15:21
Oria auzoan Karmengo Amaren eguna ospatu dute gaur eguerdian. Soinujoleek alaitu dute auzoa goizetik, mezan hainbat kantu abestu dituzte, besteak beste, Karmengo Amari eskainitako salvea eta agurra dantzatu dute. Gero, meza osteko hamaiketakoan giro ederra izan dute auzotarrek.
Xabier Andonegi, Juan Luis Murua eta Ramon Uribetxeberria mezan.
Oriako “arrantzaleek” ospatu dute Karmengo Ama zaindariaren Eguna. Goizean goizetik entzun dira festa doinuak Karmengo kaperaren inguruan. 10:00etatik auzoko txokoetan barrena ibili dira Solano Musika Eskolako trikitilariak giroa alaitzen. Pixkanaka herritarrak auzora hurbildu dira eta eguerdiko 12:00etan Karmengo elizan elkartu dira. Meza nagusia berezia izan da musika eta dantzak lagunduta. Juan Luis Murua, Xabier Andonegi eta Ramon Uribetxeberria herriko apaizek esan dute, Villabonako Oinkari taldeko dantzariek Agurra dantzatu dute Kristina Solanoren soinuak lagunduta, Amaia Dorronsorok jo du organoa eta Pilar Catalina sopranoak kantatu du. Karmengo Amari eskainitako Salve ezaguna kantatu dutenean une berezia izan da bildu diren guztientzat.

Meza ostean ere giro bikaina izan da Karmengo elizaren inguruan astearte goiz honetan soinu eta pandero joleei esker. Oria auzokoek hamaiketakoa prestatu dute. Urtero bezala, urdaiazpiko-meloi, enpanada, atun, arrautza, txorixo eta beste zenbait pintxo dastatzeko aukera izan dute Karmen Egunean Oria auzora hurbildu direnek Plazido Muxika plazan. Bukatzeko “makiltxoak” eskaini dituzte, erroskila masarekin egindako pasteltxoak.

Igandero ematen du Juan Luis Muruak meza 11:30etan Karmengo kaperan, baina gaurkoa berezia izan da, noski. Beteta egon da eta mezatan, auzoan aurten hildakoak izan dituzte gogoan, besteak beste, hil berria den Mertxe Galdos Biyak Bat zaharren etxeko lehendakaria.1940ko azaroan ireki zen Oriako Karmengo Amaren kapera eta 2004an berritu zen.

Amaia Dorronsoro eta Pilar Catalina sopranoa.
Biyak Bat-eko emakumeek prestatu dute hamaiketakoa.


Oriako eliza bete egin da Karmengo Ama zaindariaren egunean.


Solano eskolako trikitilariak meza ostean.