Lasarteoriatarrak ederki G2H proban

Txintxarri 2013ko uztailaren 17a

Erronka ederra izan zuten Lasarte-Oriako bost kirolarik lehengo asteburuan, ehunmilak eta G2Handiak. Parte hartzaileek 168 km. eta 88 km-tako ibilbideak egin zituzten, hurrenez hurren eta Aralar eta Aizkorriko parke naturaletako mendiak igo.
Lasarteoriatarrak G2Handiak proba hasi baino lehen. Arg.: J. Iparragirre

Peio Fadrique herritarra izan zen Ehunmilak proban atera zen bakarra. Jakin arazi digutenez, arazo fisikoengatik 81 kilometroan lasterketa utzi behar izan zuen.

G2Handiak proban, aldiz, herritar guztiak iritsi ziren helmugara: Oroitz Arregi, 17:53:22; Jose Ramon Mendizabal, 18:27:44; Juan Mari Marcos, 18:27:48 eta Javier Olazagoitia, 18:31:03.

Euskadiko txapelketa

Bestalde, LOKEko Jon Altuna eta Gaizka Ormazabal uztailaren 13an Durangon, Euskadiko txapelketan lehiatu ziren denboraldiari amaiera emanaz.

Jon Altunak 800 metroetan 4. postua eskuratu zuen. Gaizka Ormazabal berriz finalerdian kaleratua izan zen.

Espainiako txapelketa

Hauetaz gain, beteranoen mailako Espainiako txapelketa izan zen Gasteizen. Bertan Santos Uribe herritarrak 50 km. martxa proban parte hartu zuen.