Elkartea Lasarte-Oriako herritarrek duela 24 urte sortu eta orain artean herritar askoren topalekua izan dela gogoratu dute. "Afariak, musika, ekitaldi kulturalak, erakusketak, bilerak, hitzaldiak...egin dira bertan. Zein ez da Xirimirin izan urte hauetan? Elkarte honek beti ateak irekiak izan ditu nahi edota behar izan duen guztiarentzat".
Xirimiriko bazkideentzat ulergaitza da ""guztia ETA da" premisapean jasaten ari garen eraso berri hau". Agerraldian azpimarratu dutenez "garbi dago epaiketa politiko berri bat dela, non, etsaiaren zigor zuzenbidearen printzipioak aplikatuta, ideologia jakin bateko kideak eta horien aldekoak epaitu nahi dituzten".
Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean eta Espainiako Konstituzioan jasotzen diren oinarrizko printzipio demokratikoak eta funtsezko eskubideak urratzen ditu auziak Xirimiri elkarteko kideentzat "aniztasun politikoa, askatasun ideologikoa, askatasun pertsonala, legezkotasun printzipioa eta arauen atzeraezintasun ezina, arrazoizko epean epaitzea, proportzionaltasun printzipioa eta auzipetuen aukera ideologikoengatik egilearen zigor zuzenbidea ezarrita bereizketarik ez egitea".
Azken urteetako gertakariak ikusita, "ulertezina eta zentzugabea da horrelako jarrerak izatea". Euskal gizartea bake eta normalizazio politikorako bidean lanean ari den bitartean Madrildik guztiz kontrako bidea hartu dutela salatu eta gatazkaren konponbiderako prozesua oztopatzen ari direla azpimarratu dute.
Horrela izanda, "euskal gizartean aukera, ideia zein ikuspegi aniztasuna eta oinarri demokratikoen bidez elkarbizitza esparruak eraiki nahi dituzten herritar guztiei zuzendutako erasoa da 35/02 auzi politiko hau".
Xirimiritik eskaera argia egin nahi izan dute, "herritarrei dagokigu epaiketa politiko gehiago egin ez dadin ozen aldarrikatzea instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxiba daitezela, etsaiaren zigor zuzenbidea desager dadila, aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen zein askatasun politikorako eskubideak baldintza gabe errespetatzea eta elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoa ezartzen lagun dezatela". Xirimirik epaiketaren aurka irailetik aurrera ekimen ezberdinak burutuko dituela aurreratu dute agerraldian.
Epaiketa
Gogoan izan behar da 35/02 makrosumarioa 2002ko martxoan abiatu zuela Baltasar Garzon epaileak. 2002ko apirilean 11 lagun atxilotu zituen poliziak Herriko Tabernen bitartez ETA finantzatzeko plan bat egitea leporatuta eta Garzon epailearen aginduz 75 herriko taberna itxi egin zituzten.
Auzitegiak ahozko epaiketa urriaren 17an hasiko dela jakinarazi du. Epaiketa Joseba Alvarezen deklarazioak irekiko du egun horretan. Epaileak azaroaren 18ra bitartean entzungo ditu lekukoen deklarazioak. Herriko Taberna guztien arduradunek deklaratu beharko dute, eta horrek otsailera arte luzatuko du epaiketa.
