Mediku talde xelebre bat kalean gora eta behera

Txintxarri Aldizkaria 2013ko uzt. 20a, 00:47

Oihulari klown-en taldearen eskutik "Pronostiko erreserbatua" kale antzerkia eskaini zuten Okendo inguruetan jira eta buelta jendea errekonozitzen aritu ziren mediku xelebre batzuek.

Ikuskizun umoretsua eskaini zuten herriko karriketan, bazterrak nahasten adituak diren lau pailazo/medikuak plazan gora eta behera ibili baitziren larunbata gauean, hala behar zutela uste zuten herritarrei errekonozimenduak, galderak eta mediku-azterketa zorrotzak eginez. Barre eta algarak eragiteaz haratago, Lasarte-Oriako gizon-emakumeek dituzten arazo ezberdinak plazaratzeko asmoa ere izan zuen obrak. Besteak beste, krisia, langabezia eta Rrealaren gisako gai potoloak, alopezia, tentsio baxua, buruko mina eta halako gaitz fisiko konkretuekin uztartu zituzten joko zoro eta umoretsuan eta leku berezia izan zuen sexualitateak. Mediku bata, estetoskopioa eta masajeak emateko gailuak hartuta Okendo inguruko terrazetan eserita patxada ederrean zeuden pertsonekin txantxaka aritu ziren. Jendearen aldetik harrera ona izan zuen kale-ikuskizunak eta herritarren inplikazioa eskatzen zuen obra izanik, bat baino gehiagok primeran pasatu zuen lau mediku xelebreek esaten zietenari adi-adi jarrita.