Goiz eta arratsalde, jendea joan-etorrian ibili zen postu guztietan zegoena ikusi eta erosi asmoz. Besteak beste bitxiak, eskulturak, abanikoak, koadroak eta denetariko artelanak ikus zitezkeen salgai, jakina, artisauek eurek mimoz azken hilabete hauetan maitasunez eginak.
Gainera, elikadura postu ezberdinetan jaki gozoak aurkeztu zituzten, hala nola, gaztak, marmeladak, goxokiak, lurringintzako produktuak... Herritarrek bazuten non aukeratua beraz.
Bisitari garrantzitsuak
Aurreko urtean Robin Foodi egokitu zitzaion Cesar Bozal herriko labangileak egindako aiztoa jasotzea eta aurtengoan Pedro Subijana sukaldari famatua izan da omendua.
Horretaz gain, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburuak ere bisitatu zuen azoka. Udal ordezkariek eta Sendokiko kideek harrera egin ostean, postuz postu ibili ziren Euskal Herri osotik etorritako eskulangileen lanak ikusi eta interes handiz galderak eginez.
Ramon Ormazabal eta Antton Salsamendi Sendoki Kultur Batzordeko kideek gidatutako irekiera zeremonian eskerrak eman nahi izan zizkieten artisauei, zinegotziei, alkateari eta bisitariei, XXIX. eskulangintza azokan laguntzeagatik.
Subijanak gogorarazi nahi izan zuen artisautza tamalez pixkanaka “galtzen” ari den artea dela, belaunaldi berriak askotan ez baitaude prest tradizioarekin jarraitzeko eta halako ekimenak gehiagotan egin beharra daudela nabarmendu zuen.
Uriartek, bere aldetik, Sendokiri gonbidapena eskertu eta artisau azokak “beharrezkoak” direla esan zuen: “Garrantzitsuak dira itzalean egiten den lana erakusteko aukera ematen duelako, ikusten ez den hori azaleratzeko”.
SANTA ANA ESKULANGINTZA XXIX. AZOKAREN ARGAZKI GALERIA

