SuBerrik harrera ederra Mostolesen

Txintxarri Aldizkaria 2013ko uztailaren 23a

SuBerri akordeoi orkestra lehenengoz Gipuzkoatik atera da. Elias Goikouriak zuzentzen duen orkestra Mostoleseko Udaleko Hezkuntza, Kultura eta Turismo-sustapen sailak gonbidatu zuen kontzertua eskaintzera eta larunbatean erantzun zioten Madrilgo herriaren eskaerari.

SuBerri akordeoi taldearen doinuez, giro ederrean gozatru zuten mostoleseko herritarrek.

600 pertsona bildu ziren Estanqueko anfiteatroan Lasarte-Oriako taldearen emanaldia entzutera. Gainera, orkestrako kideek azaldu digutenez, lehen aldia zen, horrelako orkestra batek Mostolesen parte hartzen zuena.
Lasarte-Oriako orkestrak eskainitako kontzertuan musika mota ezberdinak nahastu ziren, pasodoblea, jazz-a, musika amerikarra, bossa nova... Entzuleak dantzan eta abesten ikusi zituztela, aipatu dute orkestrako kideek.

Amaieran, txalo zaparrada handiarekin beste doinu bat jotzeko eskatu zuten eta SuBerri orkestrak ezusteko bat zuen prestatua, madrildar txapela jantzita “Madrid” txotisa eskaini zuen. Guztiak dantzan jarri zituzten.

“No te vayas de Navarra” doinu bat ere eskaini behar izan zuen orkestrak, jendeak ez baitzuen bere lekua utzi nahi. Arrakasta handia beraz herriko orkestrak Mostolesen izan zuena.

Donostia 1813

SuBerriren hurrengo emanaldia Donostiako 1813ko sutearen berrehungarren urteurreneko ekitaldien barruan kokatua dago. Elias Goikouriak zuzentzen duen taldea Aita Donostia abesbatza laguntzen izango da uztailaren 30ean, Donostiako San Vicente elizan.