Parodia, ostiral gauean, Santa Ana eguneko ekitaldi nagusi

jon-altuna-iza 2013ko uzt. 23a, 14:57
Santa Ana eta San Joakin gogoratuz, ospakizun eguna izango da ostirala Lasarte-Orian. Urtero bezala, goizean Brigidatarren elizan meza emango da, ondoren, dantza egingo dute Erketz taldeko kideek; arratsaldean jokatuko da Santa Ana pala txapelketako finala Loidi-Barrengo pilotalekuan eta gaueko 22:30etan hasiko da parodia, umoretsu eta kritikoa, euririk egiten ez baldin badu, Okendo plazan. Aurretik, antzezleek kalejira egingo dute Buruntz-Azpi elkartetik 21:30etan abiatuta.
Santa Ana karkaban dantzatuko dute Erketzekoek
Santa Ana eguneko ospakizunak ostiral goizean hasiko dira: 11:00etako mezaren ondoren hamaiketakoa eskainiko da Brigidatarren elizaren kanpo aldean eta aurreskua dantzatuko dute 12:00etan Erketz taldekoek Santa Ana Karkaban, Udaletxe zaharraren ondoan.

Xabier Andonegi parrokoak Santa Ana eta San Joakinen ohorez emandako meza berezi xamarra izaten da. Erketzeko bi kidek aurreskua dantzatuko dute elizan bertan.

Ondoren, kanpo aldean Ttakun kultur elkarteak prestatutako hamaiketakoa dastatzeko aukera izango da. Herritarrek zerbait jan eta edateko aukera izango dute Erketz taldekoen dantzak ikusi bitartean. Lana gogotik egin beharko dute dantzariek, eguerdi aldera, eliza barruan, kanpoan eta gero, trikitilarien laguntzaz, Udaletxe zaharraren ondoko Santa Ana Karkaban dantzatuko dute eta. Hor, 12:00etan puntuan, elizako kanpaiak jotzearekin batera.

Arratsaldean Santa Ana Pala Txapelketako azken neurketak jokatuko dira Loidi-Barrengo frontoian: arratsaldeko17:30etan hirugarren eta laugarren postua erabakiko duen norgehiagoka eta ondoren final handia. Jon eta Mikel Begiristain anaiek, Xabier Arteaga eta BeƱat Esnaola bikotearen aurka jokatuko dute finalean. Aurretik, 3. eta 4. postua erabakitzeko partiduan, Axier Munduate-Xenki Astiazaran eta Bernaitz Odriozola-Santi Martin bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Santa Ana pala txapelketako antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte final handia ikustera. Ikuskizuna izango da.

Buruntz-azpi elkartean afaldu eta 21:30ean abiatuko dira Okendorantz parodian parte hartuko duten antzezleak bizikletan. Kalejira zein parodia bera alai eta barregarriak izango dira. 22:30ean hasiko da parodia Okendo plazan. Umore giroan, bi herritar epaituko dituzte, sutan erre eta libratuko diren erabakitzeko. Beste urtetan bezala, ikusleek plaza bete egingo dutela uste dute Ttakun elkarteko antolatzaileek.

Munduate eta Astiazaran hirugarren postua lortzen saiatuko dira. Esnaola eta Arteaga txapela eskuratzen. Irudia finalerdikoa da.


Egitaraua:
Ama Brigitarren Komentua
11:00etan, meza.
Ondoren, hamaiketakoa.

Santa Ana Karkaba
12:00etan
, agurra Erketz EDT-ren eskutik.

Loidi-Barreneko Pilotalekua
Santa Ana pala txapelketa
17:30ean, 3. eta 4. postua: Odriozola eta Martin - Xenki eta Asier
18:30ean, Finala: Begiristain anaiak - Arteaga eta Esnaola

Kaleetan zehar
21:30ean, kalejira Buruntz-Azpi elkartetik Okendora

Okendo plazan
22:30ean, Santa Ana eguneko parodia.