Herriko EhBildu pozik errauste planta gelditzeko erabakiarekin

maider-azurmendi 2013ko uztailaren 23a

Errore bat gertatu da bideoa igotzeko orduan. Saiatu berriro edo jarri gurekin harremanetan.
Lasarte-Oriako EhBildurentzat pozgarria da GHK-k hartutako lanak eteteko erabakia. Zubietako errauste plantaren aurka duela zazpi urte herrian Zubieta Lantzen eta Lasarte-Oria Bizirik kolektiboek antolatuta “Irtenbideak badaude errausketarik ez” lelopean egin zen manifestazio jendetsua izan dute gogoan agerraldian. Horretaz gain, erraustearen aurka eta birziklatzearen aldeko konpromiso argia azaldu nahi izan dute.

Lasarte-Oriako EhBilduko kideek agerraldia egin dute Zubietako errauste plantaren lanak etetearen erabakiaren alde azaltzeko. Bertan gogoratu dute duela hamarkada bat hasi zela hondakinen inguruko arazoari errauskailuaren bidez irtenbidea emateko saiakera “okerra”. Herri askok uko egin ondoren, Lasarte-Oria inguruko Zubietako lurretan kokatzea pentsatu zuten, “gurengandik kilometro eskasera horrek suposatzen duen guztiarekin” azaldu du Txanpi Baztarrikak.

Garai hartan herri honek uko egin zion Zubietako errauskailuari eta sistema hau osasunarentzako kaltegarritzat jo zuela azpimarratu nahi izan dute. “Jadanik, zazpi urte pasa dira errauskailuaren aurka 8000 lagun bildu zituen manifestazio erraldoia egin eta milaka sinadura bildu zirenetik gure herrian. Zubieta Lantzen eta Lasarte-Oria Bizirik kolektiboek antolatu zuten manifestazio hura “Irtenbideak badaude errausketarik ez” lelopean”.

Azken asteetan “errauskailuaren obrak geratu egin dira eta horrenbeste urtetan gure eskakizunetako bat izan dena momentuz bete egin da”. EhBildurentzat “pozgarria da momentu hauetan dugun egoera”.

Erabilera politikoa
Hala ere hondakinen gaia korapilatsuagoa dela azaldu dute, “azken urte hauetan ikusi dugun bezala, hondakinak murriztu egin behar dira eta batez ere bereizketa egitea beharrezko da. Horretan gizarte guztia ados dago”. Arazoaren irtenbidea EhBilduko ordezkarientzat argi dago “birziklapena da irtenbidea eta ahal den gehien birziklatzea helburua, eta horretarako bilketa sistema egoki bat zehaztea ezinbestekoa da”.

Lasarte-Oriako udalaren kasuan, PSE-EE eta EAJk udal gobernuari hondakinen kudeaketarako eskumena “kendu eta “5.edukiontziaren batzordea” deiturikoa sortu zuten duela zazpi hilabete bere lehendakaria PSE-EEko Jesus Zaballos izendatu zutelarik”.

Urte erdia baino gehiago pasa da ordutik eta Baztarrikaren esanetan, “egina dagoen gauza bakarra batzordearen araudia da eta horretan ere gure emendakin guztiak atzera bota ziren” besteak beste, batzordearen izena aldatu eta Hondakinen bilketarako batzordea izendatzea eskatu zuen alderdiak baita herriko talde eta herritarrei parte-hartzea zabaltzea batzordean.

Beste ezer ere ez dela egin salatu dute “hilabeteak daramatzagu informazioa jasotzen ari direnaren aitzakiarekin, baina bitartean ez da mugimendurik egon. Gipuzkoa guztia aztoratuta dago bilketa sistemak direla eta, beste konturik ez dago egunkarietan, eta 5.edukiontziaren batzordea ez da informazioa biltzeko gai”. Bi ondorio ateratzen ditu alderdiak batetik “Ez dute inolako fundamenturik horrelako lan bat egiteko, eta hau benetan kezkagarri izango litzateke, eta ez dute interesik birziklatzeko”.

Hauen ustetan bigarrena da arrazoi nagusia eta bilketa sistemaren inguruan sortu duten borroka guztia “interes partidista hutsetatik” etorri da. “EhBilduren aurkako kanpaina egiten ari dira, hondakinez ahaztu eta beraien errausteko makinari jaten emateko”.

Lasarte-Oriako EhBilduk, “alderdi jakin batzuen interes eta inmobilismoaren aurrean”, herrian gehiago birziklatu behar denaren konpromiso eta konbikzioari eusten diola azaldu dute, eta honen alde lan egiten jarraituko dutela, “atentzioa bilketa sisteman baino helburuetan jarriz guk oso argi baitugu, eta duela zazpi urte esan genuen moduan, gaurkoan ere Errausketarik ez, ez hemen ez inon. Irtenbidea, birziklapena”.