Abuztuaren 15ean Urrezko Kopa hipodromoan

jon-altuna-iza 2013ko uzt. 26a, 13:05
Uztailaren 7an hasi zen zaldi lasterketa denboraldia Donostiako hipodromoan. Momentuz ez da jendetzarik hurbildu zaldi lasterketak ikustera, baina abuztuan, batez ere, hilaren 15ean hipodromoko harmailak zaldien zaletuz beteko direla uste dute antolatzaileek, zaldi lasterketa zaleen festa handiaren egunean. Iaz bezala zenbait astelehenetan lasterketak antolatu dira PMU Europako apustuen sareak bultzatuta. Astelehen honetan EITB saria eta beste lau sari jokatuko dira arratsaldean.
Uztaila, abuztua eta irailean zaldi lasterketen 12 jardunaldi burutuko dira guztira, hurrengoa, uztaileko laugarrena datorren astelehenean, hilaren 29an. Besteak beste EITB saria jokatuko dute hiru urte arteko zaldi eta behorrek 1.400 metrotako proban.

2012ko udatik, zaldi denboraldiko berrikuntza nagusia astelehenetako lasterketak dira. PMU frantziar zaldi-apustuen zirkuituak eskatuta jarri dira astelehenetan lau saio, uztailaren 15 eta 29an, eta abuztuaren 12 eta 26an. Horrela, Frantzian zale asko dituen PMU apustuen sarean Lasarteko Hipodromoko probak izango dira. Gainera, Equidia TV, ETB eta TVEko Teledeporte kateetan emango dira lasterketak.

Urrezko Kopa
Donostiako Aste Nagusia izango da Lasarteko Hipodromoko zaldi lasterketen alorrean ere garrantzitsuena. Abuztuaren 15ean, ostegunez, jokatuko da lasterketa nagusia, Urrezko kopa. Dena den, aurreko astelehenean, hilaren 12an behorrentzako Kutxa Saria lasterketa garrantzitsua izango da. Gero, esan bezala, hilaren 15ean denboraldiko proba izarra, eta estatuko lasterketarik garrantzitsuenetarikoa: Donostiako Urrezko Kopa, eta astea borobiltzeko hurrengo igandean, hilaren 18an zaldi bizkorrentzako Eusko Jaurlaritzaren saria.

Iraileko lehen bi igandetan zaldi lasterketak izango dira estropadekin batera, eta denboraldia, irailaren 13an ostiralean amaituko da Donostiako Sari nagusiarekin.
Gloria Madero zaldizkoa ondo ari da aurten.


Etxekoak ondo uztailean

Orain arteko lasterketetan arrakastarik handiena Ana Imaz prestatzaileak eta Gloria Madero zaldizkoak lortu dute. Lasterketa erdietan irabazi dute Imaz bertako entrenadorearen eskuetatik pasatako zaldi edo behorrek. “Argi dago, hori bere ahalegin eta lan handiaren ondorio dela. Puntu puntuan dauzka bere zaldiak” esan digu Txema Valles adituak.

Aipagarria da Gloria Madero zaldien gidariaren lana ere. Vallesek jakinarazi digunez, “oso ondo prestatuta dago, eta oso ondo eraman ditu Ana Imazen zaldiak. Egun berean hiru garaipen eskuratu ditu birritan, hiru jardunalditatik bitan hiruna garaipen lortu ditu eta hori ez da egunero gertatzen. Lasarteko hipodromoan “hat trick”a lortu duen lehen emakumezkoa da eta hiru aldiz lortu du, jada”. Hamar urte daramatza zaldi gainean, Gloria Maderok, profesionala da, eta aurreko igandean, uztailaren 21ean, 100. garaipena eskuratu zuen. Kataluniarra da baina aspalditik bizi da hemen, bere aita Lore-Tokiko zalditegiko kapitaina zen. Beti izan du harreman handia Lasarteko hipodromoarekin.

Hitzordu garrantzitsua du Maderok irailaren 1ean, emakumezko zaldizkoen lasterketa antolatu baitu Fegrenti erakundeak. Europako emakumezko zaldizko onenak elkartuko dira egun honetan hipodromoan.

Uztailaren 15a izan zen Ana Imaz eta Gloria Maderoren egun handia. Txuri Urdin, Getare eta Devorasapitos zaldiekin hiru garaipen eskuratu zituzten eta lasterketarik garrantzitsuenean Madero bigarrena izan zen Jenevese One-ekin.

Gloria Madero, Txuri Urdin zaldiarekin irabazi eta gero.

Bestalde, etxeko zalditegi profesionalen artean, Sergio Vidal, Miguel Alonso eta Ramon Abialenak nabarmendu ditu Txema Vallesek. “Ahalegin handia egiten ari dira garaipenak lortzeko”.

Lopetegi familiaren Txuri Urdin zaldiak bi garaipen lortu ditu aurten, eta Juanito Goiaran-en Plural zaldia ere garaipenetik gertu izan zen aurreko igandean. Hauek Ana Imaz-ek prestatzen ditu bere ahizpa Eva albaitariaren zalditegian. “Baina zaldi eta behor denek Imaz-en koloreekin parte hartzen dute lasterketetan” esan digu Vallesek.

Ikusleei dagokionez, ez da jendetzarik izan momentuz Hipodromoan, azken urteotako joerari eutsi dio, hau da, 80. hamarkadako betekada ikusgarririk ez da izan. Aurreko urteetako maila beretsua izan da ikusleen aldetik, Vallesen esanetan. Bere iritziz, Donostiako Udako denboraldiaren eragozpenik handiena, parte hartzen duen zaldien kopurua da: urritu egin da eta aurten bost lasterketa egingo dira egun bakoitzeko. Dena den, Vallesek azpimarratu du ahalegin handia egiten dutela sponsor eta antolatzaileek: Donostian batez ere zaldi eta behor gazteentzako lasterketak bultzatzen ari dira eta horrekin amaituko da denboraldia.