Santa Ana egunean goizetik dantzan

jon-altuna-iza 2013ko uzt. 26a, 14:45
Santa Ana eguneko ospakizunak goizean hasi dira, 11:00etako mezaren ondoren hamaiketakoa eskaini du Ttakun elkartean Elizate plazan, eta ondoan, Santa Ana Karkaban, aurreskua, fandango eta arin arina dantzatu dute 12:00etan puntu puntuan Erketz taldekoek. Arratsaldean palako finala jokatuko da Loidi-Barrengo frontoian eta gaueko 22:30ean parodia antzeztuko da Okendon.
Elizate plazan eman du aurten ttakunek hamaiketakoa. Meza ostean Xabier Andonegi apaiza dantzariekin.
12:00etan Santa Ana Karkaban agurra dantzatzen.


Santa Ana eguneko meza goizeko 11:00etan eman du Xabier Andonegi parrokoak Brigitarren komentuko kaperan. Eliza bete egin da Santa Ana eta San Joakinen irudien aurrean egindako meza berezian parte hartzeko. Erketzeko bi kidek aurreskua dantzatu dute bertan.

Meza ostean, hamaiketakoa prestatu dute Ttakun kultur elkarteko kideek Elizate plazan, eta Santa Ana eguna giro onean hasteko aukera izan dute bertan elkartu direnek.

Erketz dantza taldekoek berriro dantzatu dute, urtero bezala 12etan puntu puntuan. Ohiturari jarraituz, eguerdian, elizako kanpai-hotsekin batera hasi da txistularia agurraren doinua jotzen eta berarekin batera Erketzeko dantzariak Santa Ana karkaban jarritako ikurrinaren aurrean. Gero eta herritar gehiago biltzen da Santa Ana eguneko dantza ikustera eta guztiek txalo zaparrada bero batekin eskertu dute dantzarien ahalegina. Ondoren, trikitilarien laguntzaz fandango eta arin arina dantzatuaz eman diote amaiera goizeko egitarauari.

Arratsaldean Santa Ana Pala Txapelketako azken neurketak jokatuko dira Loidi-Barrengo frontoian: arratsaldeko17:30etan hirugarren eta laugarren postua erabakiko duen norgehiagoka Axier Munduate-Xenki Astiazaran eta Bernaitz Odriozola-Santi Martin bikoteen artean, eta ondoren final handia, Jon eta Mikel Begiristain anaiek, Xabier Arteaga eta BeƱat Esnaola bikotearen aurka.

Gauean, Buruntz-azpi elkartean afaldu eta 21:30ean abiatuko dira Okendorantz parodian parte hartuko duten antzezleak, eta 22:30ean hasiko da parodia Okendo plazan.
Fandango eta arin arinarekin amaitu dira goizeko ekitaldiak.




Egitaraua:
Ama Brigitarren Komentua
11:00etan, meza.
Ondoren, hamaiketakoa.

Santa Ana Karkaba
12:00etan, agurra Erketz EDT-ren eskutik.

Loidi-Barreneko Pilotalekua
Santa Ana pala txapelketa
17:30ean, 3. eta 4. postua: Odriozola eta Martin - Xenki eta Asier
18:30ean, Finala: Begiristain anaiak - Arteaga eta Esnaola

Kaleetan zehar
21:30ean, kalejira Buruntz-Azpi elkartetik Okendora

Okendo plazan
22:30ean, Santa Ana eguneko parodia.