Begiristain anaiak garaile XXXII. Santa Anako pala txapelketan

jon-altuna-egitegi 2013ko uztailaren 26a

Jon eta Mikel Begiristain anaiak irabazi dute aurtengo Santa Ana txapelketa, finalean Xabi Arteaga eta Beñat Esnaola 30-23 garaitu ostean. Emozio handiko partidua izan da, borrokatua eta fisikoa oso harik eta partiduaren azken herenean Esnaola eta Arteagak pixka bat behera egin duten arte. Kontsolaziozko partidua berriz, Shanti Martin eta Bernaitz Odriozolak irabazi dute arerio gisa zeuzkaten Axier Munduate eta Xenki Astiazaran 30-28ko emaitzaz menderatuta. Itxura ederra zuen Loidi Barrengo pilotalekuak, guztira 150 ikusle baino gehiago hurbildu dira finalak ikustera, batez ere gazte jendea.

Ez du emozio faltarik izan kontsolazioko finalak, hasiera-hasieratik Martin eta Odriozola gorriak joan dira aurretik (13-6 / 15-8), baina pala partiduak luzeak izaten dira, buelta asko ematen dituzte eta azken ahalegin batean Astiazaran eta Munduate urdinek partidua 27-27 jarri zuten. Azkenean, eta 51 minutuz borroka egin ostean, Martin eta Odriozolak azken ahalegina egin ostean 3. postua lortu zuten 30-28ko emaitzarekin.
Arantzatxoa kentzeko aukera izango dute bihar urdinek Villabonan 12:00etan, bertako herriko txapelketako finalera ailegatu baitira.

Final handia
Ohore guztiekin hasi zuten finala. Erketz dantza taldekoek agurra dantzatu zieten partiduari ekin aurretik eta epaile lanetan berriz, Jon Pagola eta Josu Sarasola. Bi bikoteei partiduan sartzea kosta egin zitzaien, behartu gabeko akatsek markatu zuten tanteoa lehen herenean eta Esnaola eta Arteaga zabaletarrek 10-8 aurreratzea lortu zuten. Hortik aurrera partiduak erritmoa hartu zuen, tanto luzeak ikusi ziren Loidi Barrengo frontoian eta 11-11 zihoazela, jendeak tantoa bukatu gaurretik kirolarien lana saritu nahi izan zuen, batez ere Begiristaindarren defentsa lana. Xabi Arteagak ere klasea soberan duela erakutsi eta txapela kentzeko moduko bi-paretak egin zituen.

Partiduaren ekuatorean jarri ziren lehen aurretik anaiak (15-14) eta hortik aurrera Mikelek atzean sendo eta Jonek aurrean erabakior lan polita egin zuten 25-23 jarri arte. Azken bost tantoak erreskadan egin zituzten Begiristaindarrek eta Xabi Etxezarretak izan zuen anaiei txapela jartzeko ardura. Gainontzeko finalistek trofeoak jaso zituzten antolakuntza eta Aldaz Hortz Klinikaren eskutik.

Antolakuntza kexu
Egunari amaiera emateko Intzan arkume errea jan zuten Santa Anako pala Txapelketan lehiatu diren guztiek. Hala ere, Jon Pagola antolatzaileetako batek udalaren babes ekonomiko falta salatu eta txapelketa aurten “txiripaz” egin delaadierazi eta hurrengo urteko edizioa “kolokan” dagoela esan du. Gainera, gazte jendeari deialdi bat egin nahi izan diote antolatzaileek: “Aurten herriko 10 bikote bakarrik aritu dira lehian eta hurrengo urtean egingo bada, seguraski kanpoko jendeari irekia izango da”.

SANTA ANA XXXII. PALA TXAPELKETAKO ARGAZKI GUZTIAK