Euriak salbatuko gaitu krisitik!

Txintxarri Aldizkaria 2013ko uztailaren 27a

Santa Ana eguneko parodiak publikoa omendu du. Gaueko lehenengo ezustekoa publikoarentzat izan da. Oholtzatik eskerrak eman zaizkie urtero-urtero bertan egoteagatik, aurten ere euriari aurre eginez. Epaiketan akusatuak ohi bezala sutan bukatu dute baina aurretik asko izan dira oholtzatik pasatako pertsonaiak. Euriak aterako omen gaitu krisi honetatik eta herriko langabeziarekin amaituko du, dena Euri-Polisi esker.

Azken entsegua egin ondoren, egun batez aktore bihurtutako herritarrek indarrak hartu dituzte Buruntz-Azpi elkarteak prestatutako afari goxoarekin. Oriatik bizikletak hartu eta Okendora kalejira berezia egin dute guztiek.

Okendon puntual ekin zaio epaiketari. Mari Karmen Ormazabalek aurkezle lanak egin ditu. Parodia egiten duten guztiei eskerrak eman dizkie eta lehenengo ezustekoa eman du, omenduaren izena. Ormazabalek jakitera eman duenez, parodiak aurten ikusleak omentzea erabaki du izan ere “eurak gabe ez litzateke parodiarik izango”.
Aurten ikusleak omendu ditu Santa Ana parodiak.


Jarraian, Lierni Rekondok ikusleei eskainitako bertsoak bota ditu.

Euria eta Parte hartzea

Aurten Tximistine Txaparrondegi eta Maria Akaparadora Barrepakasa izan dira akusatuak. Fiskalak bere lana egin du eta lekukoak deitu ditu.

Era honetara, euria eta Parte hartzea izan dira aurtengo parodian gai nagusiak. Langabetuen plataforma bereziak irtenbide bat zuen. Hilabete luzeetan izan dugun eguraldiak askorako eman du; "euriak salbatuko gaitu krisitik, Euri-Polis, Lasarte-Oria, Euriaren hiria!" gune turistikoak lana emango du eta herritarren depresioarekin eta tristurarekin amaitu ahal izango da.

Hango eta hemengo bertso saio arrakastatsuak ere lekua izan zuen oholtzan Tio Joxeren eskutik "ez hango eta ez hemengo". Andaluziatik jendea lanera etortzen zela ikusita erronka handiko gizona izaki, kontrako bidea egin zuen herritarrak "lana don tokin lana ittea errexa dek. Hik grandes retos behar dituk" horrela Andaluzian nola integratu zen kontatu du, hori bai, beti herria faltan botatzen eta batez ere Oriako ur gardenak.

Tio Joxeri lekukoa apaiza eta monagiloak hartu diote oholtzan. Apaizak langabezian dauden herritarrei lana eskaini die "elizak hartuko ditu bere magalean nagusiak lantegitik bidalitakoak, estatuek INEM edo LANBIDETIK bidalitakoak, Bankuek beraien etxeetatik bidalitakoak, Unibertsitatea ordaindu ezinik daudenak, edo sartzeko nahiko notarik atera ez dutenak. Denak. Denak gara jainkoaren seme-alabak. Etorri elizara. Guk etxe asko dauzkagu. Lana ere eskainiko dizuegu, Unibertsitateak ere baditugu. Sarrera notarik gabeak. Apaiz edo moja egiten bazarete ikasketak dohain. Eliza txollo bat da! Komentuak hutsak daude. Eraikinak erortzen ari zaizkigu. Bizitza guztian egin ditugu psikologo lanak doan. Haurrak etor zaitezte niregana esan zigun gure aitak".

Bide batez apaizak salatu du IBIa ordaindu beharra eta Aldundiarentzat hitz gogorrak izan ditu.
Eliza egungo arazoen knponbide izan daitekeela azaltzen saiatu da apaiza berezia.


Udaleko bi garbitzaileen ahotan parte hartze departamenduari hainbat kritika erori zaizkio. "Izen elegante bat jarri, erakargarria eta ZAS! Denak poltsikoan eta bitartean beraiek nahi dutena egiten dute. Rajoi jaunak futbolarekin egiten duena egin digute hauek guri Parte Hartzearekin".

Udaltzainen jantzi berriaren inguruan galdeketa martxan jarri ez izana leporatu diote udalari eta ikusleen laguntzarekin bost herri galdeketa" burutu dituzte: "Aintzinan bezala Lasarte Oriako zentroan berriz ere Santa Anako Jaiak ospatzen hastea, bere kontzertu, txosna, meza eta soka muturrarekin. Alde zaudetenak erakutsi papeleta berdea, bestela erakutsi papeleta gorria".

Jarraian udaltzainen uniformearentzat bi proposamen egin zituzten "inork galdetu ez digunez, guk herriko diseinatzaile eta jostunekin hitz egin dugu eta hemen dauzkagu Udaltzainentzat neguko uniformerako bi proposamen. “Jeyperman Delux” modeloa, brillantez jositako porra, urrutitik ikusteko moduko zapatak, alkandora eta galtza pitilloak, dena udaleko logo berriaren koloreetan oinarritua. Bestea “Pasific blue” modeloa da: Likrazko kamiseta pega pega eginda giharrak ondo markatzeko, deportibak, korri egiteko leggins moduko galtzak eta pulamentuzko ipurdia ez daukatenentzako, boxer con relleno".

Ikusleek oniritzia eman diote Santa Ana aitzinean bezala ospatzeari eta Pacific blue modeloari udaltzainen uniformearen kasuan.

Alkatearen San Pedroetako diskurtso ulertzeko modukoa egitea edo Michelin II-an Mercadona, Ikea, Primark edo bulegoak jartzea ere galdetu dute.

Giro ederrean ospatu da urteroko parodia. Nahiz eta euria egin, ikusleak haien eserlekuetan mantendu dira eta nola ez, akusatuak sutan erre dituzte Basajaunaren aginduz.