Jantziak pertsonalizatzeko tailerra

Txintxarri Aldizkaria 2013ko uztailaren 29a

Udalak gaztetxoentzat antolatu dituen kaleko ikastaroen saioa burutu zen larunbatean Isla plazan. Kasu honetan jantziak pertsonalizatzeko aukera izan zuten 8 eta 14 urte arteko gaztetxoek. Etxetik eramandako kamixeta zuri zaharrak Isla plazako postura eraman eta bertako begiralearen laguntzaz koloreztatu egin zituzten. Besteak beste, ilargiak, otsoak, palmerak, aterkiak, tximinoak, eguzkiak etab. marraztu zituzten kartoizko molde eta koloretazko tenperekin.
 

Larunbat eguerdi partean plazara hurbilduta, gaztetxo batzuk ikus zitezkeen euren jantziak mimoz prestatzen. Kamixeta pertsonalizatzeko aukera ere izan zuten euren izena txukun txukun ertz batean jarrita. Behin tailerra bukatuta eta tenpera koloreak lehortzen utzita, etxera eraman zituzten senideei euren artelanak erakutsi eta gauzak zakarretara bota aurretik bestelako erabilpen dibertigarri bat eman diezaioketela ikasita.