100 urte beteko ditu Kanuta Sagastik Atsobakarren

Astelehenean abuztuaren 5-ean ospatuko dute Atsobakarreko zaharren etxean Kanuta Sagastiren 100. urtebetetzea. 1913ko abuztuaren 3an jaio zen Bizkaiko Larrabetzu herrian, larunbatean beteko ditu 100 urte eta senideekin ospatuko du Lapurdiko Urruña herrian. Gero astelehenean egingo diote omenaldia Atsobakarren.

100 urte beteko ditu Kanuta Sagasti Sagarminaga larrabetzuarrak larunbatean. Atso bakarreko zahar etxean bizi bada ere, Uirruñan senideek duten etxean ospatuko du 100. urteurrena Lasarte-Orian bizi den alabarekin, Iruñean bizi den semearekin, bi bilobekin eta birbilobarekin. Larrabetzun jaio eta 9 urtera arte bertan bizi zen arren, Bilbokoa dela dio, “Bilboko euskalduna”. 100 urte beteko dituela eta, zera esan digu “bizkaieraz”: “ez pentsa ez dudala lanik egin, eh?”. Galdakaoko dinamita-kartutxo enpresa batean lan egin zuen dirukontulari. Bere amak ere enpresa horretan lan egin zuen, beraz, esan daiteke aitzindariak izan zirela emakume langile gisa. Ez omen ziren bakarrak enpresa horretan.

Larrabetzun, Galdakaon, Bilbon eta duela 30 urte baino gehiago etorri zenetik Lasarte-Orian bizi izan da. “100 metroko etxea salgai daukat, trasteleku eta garajearekin, baina ez da saltzen, ez al duzu erosi nahi?” galdetu zigun bizi bizi.

Atsobakarreko ileapaindegian aurkitu genuen asteartean urtebetetzerako dotore jartzen. “gaztea nintzenean egunero joaten nintzen ile-apaindegira orraztera. Ez nuen ilea edonola eramaten. Orain hamabostean behin etortzen naiz. Ez dut hau esaten bera aurrean dagoelako, egia da ile-apaintzaile ona dela. Jada Biyak Bat jubilatuen etxean ezagutu nuen. Egunero ere etorriko nintzateke. “Pinpirin” xamarra izan naiz nire bizitzan. Hartuko nituzke 40 urte orain” bota dizkigu bata bestearen atzetik.

Bizitzeko gogoa badauka: “Oraindik urte batzuk betetzea espero dut. Gazteek baino bitalitate handiagoa dudala, gazteak baino bizkorrago nagoela, esan zidan mediku batek, baina denok bezala hil egingo naiz. Bilbotik etorri nintzen eta Bilbora joango naiz. Han daukat eta panteoia”.

Dena den, zaharren etxean batzutan aspertzen dela dio bere errebeldia erakutsiz. “Hor egoten gara bazterrean”. Astelehenean goizean, aldiz, begirada guztien erdian izango da. Atsobakarren bizi direnek bere 100. urtebetetzea ospatuko dute.
 

Atsobakarren astelehenean hilaren 5ean egingo dute ospakizuna.