Gaixo dauden presoak aske uzteko manifestazioa abuztuaren 9an

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 29a

Gaur eguerdian, Donostiako San Sebastian hotelean Hernani, Errenteri eta Lasarte-Oriako plataforma eta herritarrek haien herrietako euskal preso politikoen osasun egoera larria salatu eta abuztuaren 9an, “Preso gaixoak kalera” lelopean manifestazio deialdia egin dute.

Agerraldian euskal gizarteak, eragile ezberdin eta instituzio nagusiek ere eskatu arren, larriki gaixorik diren euskal presoak askatu ez dituztela eta espetxe politikak berdin jarraitzeagatik, osasun arazoak dituzten presoen egoera larritzen ari dela argi utzi nahi izan dute. "Horrek sortutako errealitate anker eta bidegabeak larriagotzen ari dira. Gaixo dauden euskal presoen egoera muturrekoa da".

Hernani, Errenteri eta Lasarte-Oriako euskal presoen taldeko lagunek Gari Arruarte, Ibon Fernandez Iradi eta Aitzol Gogorza gipuzkoarren egoera azaldu dute.

Askatasunaren zain

Lasarte-Oriaren kasuan, Ibon Fernandez Iradi herritarrak esklerosi anizkoitza du. 2011. urtean hasi zen lehen sintomak pairatzen eta 2013. urteko urtarrilean eman zioten azken diagnosia. 2014ko martxoan zigorraren suspentsioaren eskaera egin eta ekainaren 20an Pariseko epaitegiak zigorraren suspentsioa onartzen du. Ibonen berehalako askatasuna behartzen duen osasun egoeraren larritasuna onartzen da, baina, aldi berean, bere erabakiari egingarritasun guztia kentzen dion baldintza bat ezartzen du: Frantziar estatuan egoteko debekua indarrean mantentzen du.

Gaur egun abokatuak eta fiskalak helegitea jarri dute zentzugabekeria juridikoa konpontzeko eta irailean honen berri izatea espero da.

Aitzol Gogorzak gaixotasun mentala du eta Gari Arruartek, berriz, gaixotasun degeneratibo larria.

Mobilizazioa

Preso hauen askatasunaren aldeko plataformetako kideek  oinarrizko eskubideen defentsa irmoaren ildotik, behin eta berriro hauen askatasuna eskatu dutela azpimarratu dute. "Kartzelan diren pertsonen giza duintasuna eta integritate fisiko zein morala ezin direlako zapaldu, eta tratu horrek beraiengan eta beren senideengan duen eragin larria gogoratu behar da".

Era berean, euskal gizarteak eskatzen duen gatazkaren konponbidea sustatze eta sendotze bidean eta bakezko eta elkarbizitzazko eskenatoki bat denon artean eraikitzea ezinbesteko lana delakoan, gaixorik diren Gipuzkoako presoen askatasuna premiazko eskaera dela gaineratu dute. "Giza eskubideak errespetatzea izan behar du, berandu baino lehen, egin behar dugun bidaia horren lehen geltokia. Gari, Ibon eta Aitzolen egoerak ez du atzerapen gehiagorik onartzen".

Horregatik, hiru preso hauen askatasuna eskatzeko, Gipuzkoako eragile eta norbanako guztiei deialdia egiten diete abuztuaren 9a, arratsaldeko 17:00etan Donostiako Bulebarretik aterako den manifestazioan parte hartzera. Mobilizazioko leloa "Preso gaixoak kalera” izango da.