Euskarazko oinarrizko komunikazio klaseak martxan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 2a

Udako oporraldiaren ondoren, Banaiz Bagara Elkarteak martxan jarri ditu berriro euskarazko oinarrizko komunikazio saioak. Lasarte-Orian ostegunetan elkartzen da taldea eta lehen saioa irailaren 5ean izango da.

Banaiz Bagara elkarteak euskara ikasteko antolatutako klaseak astean behin edo bitan izaten dira eta bertan, euskara era erraz eta sinplean ikasten da Helburua egunero topatu daitezken egoeren aurrean euskaraz egin ahal izatea da, bai lagun artean, bai kalean eta baita lanean ere.

Saio hauek ere euskaraz ikasten ari diren haurren gurasoentzat zuzenduak daude, horrela beren seme-alabek ikasketetan nagusia duten hizkuntzari buruz ezagutza zabaldu ahal izango dute.

Etorkinentzat

Taldeen ezaugarria parte hartzaileen jatorri ezberdina da. "Horrek gure gizartearen kultur aniztasunean eragiten du eta horrek elkarren arteko bizitzan aberasten gaitu, munduko hainbat kultura eta hizkuntza batzen ditugu euskara lotura nagusia izanik". Taldeetan parte hartzea Euskal Herritik kanpoko herrialde eta lurraldetik etorritako pertsonentzat prestatuta dago bereziki, hala ere nahi duen orok har dezake parte.

Ikas saioetan, Euskal Kulturari  arreta eskaintzen zaio eta euskal kantak eta dantzak lantzen dira, baita kirola ere, jaietan parte hartuz eta topaketa kolektiboak antolatuz.

Horretaz gain, urtean zehar Banaiz Bagarak lan-munduari zuzenduta ikastaroak ere eskaintzen ditu. Asteroko taldeetan parte hartzea doakoa da eta ez da ezagutza mailarik eskatzen.

Herrian ostegunero biltzen da taldea 15:30ean Amaraun ludotekan (k/Ola-Zumaburu) . Izena emateko edota informazio gehiago eskuratzeko 645 733 818 telefonoan egin daiteke.

Egitasmoak Lasarte-Oriako, eta burutzen den gainontzeko herrietako udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du.