Igerilekua guztion eskura

Nerea Eizagirre 2013ko irailaren 4a

Lasarte-Oriako Udalak urritasun fisikoa duten herritarrentzako garabia aurkeztu du kiroldegiko igerilekuan. 10.000 eurotako inbertsioa izan da eta herritarren eskaerari erantzunez jarri da martxan.

Gaur eguerdian Taxio Arrizabalaga kirol arloko batzorde burua, Karlos Altuna Kirol teknikaria eta igerilekuko sorosleek Lasarte-Oriako udal kiroldegiako igerilekuan ezarri den garabiaren berri eman dute.

Kirol zinegotziak azaldu duenez, “auzoz auzoko bileretan elbarritasun fisikoa zuten pertsonek egindakoa proposamenetako bat zen”.

Taxiok gogoratu duen bezala, “kiroldegiak 25 urte ditu eta ez dago gaur eguneko beharretara moldatua.”

Era honetara, urritasun fisikoa duten herritarrei pixkanaka irtenbideak ematen doazela azpimarratu du.

Karlos Altuna Kirol teknikariak garabia bi igerilekuetan erabilgarria izango dela aipatu du.

Eta nahiz eta elektrikoa izan, segurtasun neurri guztiak betetzen dituela ere azaldu du teknikariak. “Ez da arriskurik izango ez garabian dagoen pertsonarentzat, ezta uretan dagoenarentzat ere”.

Honela, Lasarte-Oriako Udalak eta Kirol Zerbitzuak urritasun fisikoa duten herritarrak gonbidatu nahi dituzte igeri egitera.

Altunak aholku bat egin die erosotasuna bermatzeko, “igerilekura etortzeko ordu lasaienak aukeratzea komeni da. Goizak eta arratsaldeko lehen ordua, 14:00etatik 17:00etara da hoberena”.