Nagusien Omenaldia urriaren 1etik 8ra ospatuko dute

maider-azurmendi 2013ko irailaren 4a

Irailaren 9an hasiko da ekintza guztietan izena emateko epea. Aurtengoan lehenengoz aste berezi honi hasiera emateko txupinazoa botako dute zaharren biltokitik. Antolatzaileek zaharren biltokiko bazkide ez direnen parte hartze handiagoa lortu nahi dute.

Herriko nagusiek udalarekin batera urriko lehenengo asterako ekintza egitarau oparoa antolatu dute iaz hasitako bideari jarraipena emanez. Pablo Barrio alkatea eta Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako batzorde buruarekin egin dute jubilatuek egitarauaren aurkezpena. Aste honetan denetarik izango dute, ikuskizunak, txapelketa ezberdinak eta Ibilaldi neurtua urtero egiten den bazkaria ahaztu gabe. Pablo Barriok baita Joxe Mari Bardajik ere hitz politak izan dituzte Mertxe Galdosentzat aurkezpenean.

Urriaren 1ean lehenengoz astea jai giroan hasiko dute txupinazoa jaurtiz. Egun horretan bertan toka, igel, bote eta bingo txapelketak egingo dira Isla plazan eta azkena biltokian bertan lehenengoz. Urriaren 2an Kike Biguri bakarrizketalariaren emanaldia ikusi ahal izango da jubilatuen etxean. Urriaren 3an berriz, jubilatuen etxeko soinketa eta aerobic taldeen erakusketak izango dira Okendo plazan. Urriaren 4an Sun Magoaren ikuskizuna izango da zaharren biltokian. Urriaren 5ean berriz, Martxa Erregulatua egingo dute bigarrenez Okendo plazatik hasita eta honetan parte hartzeko dei berezia egin dute "120 bikote lortu nahi ditugu" eta dantza txapelketa ere egingo dute larunbatean jubilatu etxean. 

Igandean berriz, San Pedro parrokian meza, abesbatzaren emanaldia kultur etxean, bazkaria Michelingo frontoian eta dantzaldia izango dira. Astelehenean  urriak 7 Manuel Lekuonan  ONCEko antzerki taldearen lana ikusi ahal izango da eta egitarauari amaiera emateko jubilatu etxearen 35. urteurrenaren ospakizuna egingo dute. Meza eta luntxa egingo da Brigidatarren komentuan goizean eta arratsaldean opariak eta afari merienda  zaharren biltokian. Ondoren dantza egiteko aukera izango dute bertaratutakoek festari amaiera emateko.


Parte hartzea sustatuz

Aipatutako ekintza guztietan parte hartzeko, astelehenetik hasita izena eman daiteke jubilatuen etxean. Bereziki biltokiko bazkide ez direnei gonbitea luzatu nahi izan diete ekintza hauetan parte hartzeko "gustatuko litzaiguke biltokian ibiltzen ez direnek ere ekintza hauetaz gozatzea".

Igandeko bazkariari dagokionez, 800 lagunentzako lekua izango da eta 8 euroko kostua izango du menuak. Horretaz gain, parte hartu ahal izateko Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko da eta 1947. urtean edo lehenago jaioa izatea. Izena ematea jubilatuen etxean egingo da eta Gorka Lizarragak azpimarratu duenez denentzat lekua egongo denez, lehenengo egunean tiketak erosteko ilarak ez egitea gomendatu die "iaz ia 500 pertsonek parte hartu zuten eta 800entzat lekua zegoen beraz lasai hartzeko gomendioa luzatuko nuke".