Udalaren funtzionamenduaz galdeketa egingo da

maider-azurmendi 2013ko irailaren 5a

Pablo Barrio eta Alaitz Mendizabalek aurkeztu dute datozen asteetan burutuko den galdeketa prozesua. Honen helburua udalaren funtzionamenduaz herritarrek, herriko elkarte eta udal langileek duten iritzia jasotzea da. Emaitzak publikoak izango dira eta hartara lan egiteko tresna baliogarria izango da udal departamentuentzat. 400 herritarren iritzia jasoko da telefono bidezko inkestan. Hau astelehenean egiten hasiko dira eta herrian egiten den mota honetako lehenengo azterketa izango da.

Alaitz Mendizabal Parte Hartze batzorde buruak azaldu duenez, "udalaren funtzionamendu egokiaren oinarriak parte-hartzea izan behar duela irmoki sinesten dugu eta horregatik hobetzen lagunduko digun balorazio osoago eta integral bat egitea oinarrizkoa iruditzen zaigu".

Atal bat baino gehiago izango dituen azterketa izango dela azaldu dute alkateak eta zinegotziak, alde batetik inkesta telefoniko bat egingo da, bestetik udalerriko elkarteetara gerturatuko dira eta azkenik Udaletxeko langileei eskatuko zaie ebaluatzeko. Guzti hau, hurrengo hilabeteetan burutuko da eta lehengo pausoa inkesta telefonikoa izango da, hurrengo astelehenean irailaren 9an hasiko da. 

Hurrengo hiru asteetan egingo da inkesta telefonoz eta Udalerriaren barruan egingo dituen 400 dei desberdinez osatua egongo da. Edukiari dagokionez, "hasieratik ahal izan den neurrian guztien iritziak barneratzeko nahia izan da. Horretarako, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei ekarpenak egiteko aukerak eman zaizkie, azkenik, udal funtzionamenduan ardurak dituzten guztiek lagundu dutelarik" azpimarratu du Mendizabalek.

Galderetan udal zerbitzuak, politikariak eta orain arteko lana ebaluatuko da. "Hausnarketarako eta analisi tresna ona izango dira etorkizuneko erabakiak hartzeko orduan". 

 

Kritikei erantzuna

Alaitz Mendizabalen hitzetan ideia garatzen hasi zinenean alderdi politikoren baten kritika jaso zen, "inkestak egitea alderdi politikoen lana zela esanaz eta kostuari begiratuz. Gure aldetik, argitu nahiko genuke, gure intentzio ez dela interes partidista batetik abiatutako galdeketa sekretu bat egitea kritika haietatik ondorioztatu zitekeen bezala. Guk Udaletxearen lanaren azterketa egin nahi dugu, azterketa publiko bat, herritar guztiek eskura izango dutena eta udal funtzionamenduan herritarren parte-hartzearen pauso bat gehiago bezala ulertzen duguna".

Azterketa ahalik eta lasterren publiko egin nahi dutela azpimarratu du alkateak agerraldian. "Epe zehatzak ezin dira aipatu baina bi hiru hilabetetan nahi genuke eduki". Bide batez herritarrei telefonoz egingo den inkesta erantzutea eskatu die.