Extremadura etxekoen jaia asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ira. 6a, 17:31

Herriko elkarteak gaur hasiko ditu Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko jaiak. Tute txapelketarekin hasiko dute egitarau berezia. Asteburuan, haurren jokoak, bazkari- afariak, musika eta dantza izango dira nagusi.

Extremadura etxekoek urtero bezala Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko festak ospatuko dituzte gaurtik igandera bitartean. Tute txapelketarekin hasiko dira Adarra kaleko egoitzan eta 21:00etan bandera altxatuko dute jaiari hasiera ofiziala emateko. Jarraian egoitzan bertan afaria egingo da eta ostean Jaizkibel plazan dantzaldi herrikoia egingo da.

Biharkoan meza izango da 12:00etan egoitzan bertan eta 10:30etatik 17:00etara haurrentzako jolasak egingo dira Jaizkibel plazan ere. 14:00etan paella bazkaria egingo dute eta 16:00etan mus lehiaketa irekiarekin hasiko dira. 17:00etan berriz, joko ezberdinetan parte hartutakoei sariak banatuko zaizkie eta 18:00etan "Raices y Brotes" taldearen emanaldia Jaizkibel plazan izango da. Bazkideen afariaren ostean dantzaldia "Los Rubi"-ren eskutik eta parranderoentzat "migak" banatuko dituzte goizeko 3tan.

Igandean 11:30ean Semblante Andaluz-eko Zambra taldearen emanaldiaren txanda izango da Jaizkibel plazan. Bazkari herrikoia eta arratsaldean bola-joko txapelketa, sari banaketa eta 20:00etan jaien bukaera eta banderaren jaitsiera.