Kirol taldeak hurrengo denboraldia prestatzen hasi dira dagoeneko eta Beltzak Ostadar Errugbi taldeko lagunak ez dira azkenekoak izango. Lehengo asteazkenean hasi ziren lanean eta aurten indar handiagorekin prestatuko dira, errugbiak leku gehiago izango baitu Lasarte-Oriako berdegunean.
Manu Pelaez taldeko arduradunak azaldu digunez, aurreko urtean legez, kadete eta infantil federatuen partidak ikusi ahalko dira Michelingo kirol gunean. Eta beste mailetako partidaz gozatzeko aukera ere izango dela azpimarratu du, “Zarautz Errugbi taldeko II. Mailako partidaren bat ere jokatuko da. Lasarte-Oriako hainbat gazte igo dira taldera eta etxean jolastea ere nahi dugu”.
Partida hauetaz gain, Errugbi Eskolako haurren topaketak ere izango direla aurreratu du.
Entrenamenduak
Baina ez dute zelaian bakarrik lan egingo, besteak beste, errugbia sustatzeko eskoletan kirol honi buruzko hitzaldiak ere eskainiko dituzte. Era honetara, gazte eta haurrak animatu nahi dituzte kirol hau probatzera eta horregatik, lerro hauen bidez, entrenamenduetara hurbiltzeko deia egiten die. Benjamin eta alebin mailako gaztetxoak ostiraletan 18:15ean dute saioa Michelinen. Hala ere, iganderen batean entrenamendua izango dutela ere aipatu du taldeko arduradunak. Infantil eskolarrak asteazkenetan eta ostegunetan izango dituzte saioak 17:45ean, Zarautzen.
Infantil federatua eta kadeteek astearteetan Zarautzen dute entrenamendua “ordua oraindik zehazteko dago” eta ostiraletan, 19:15ean Michelinen. Informazio gehiago edo izena eman nahi duenak telefono zenbaki hauetara deitu dezake: Iñigo Encinas Errugbi eskolako arduraduna, 677 526 041 edo Manu Pelaez, goiko mailetako arduraduna, 666 321 059.