Guadalupeko Amaren omenez

jon-altuna-egitegi 2013ko irailaren 8a

Extremadurako Etxeak 1978. urtetik etenik gabe antolatzen diharduen festak inoiz baino herritar gehiago bildu ditu asteburuan, Jaizkibel plazan muntatutako txosna eta eskenatokiak arrakasta izan dute eta bereziki jendetsuak izan dira Ama Guadalupekoaren omenezko meza eta larunbat eguerdiko paella jana herrikoia.

Extremadura Etxeak hiru eguneko egitarau oparoa antolatu du asteburuan eta eguraldi petralak ezin izan du herritarren festa gogoa zapuztu. 
Ostiralean eman zitzaien hasiera ospakizunei, Extremadurako ereserkia sendotasunez abestu zuten banderen igotzean eta Adarra kaleko  egoitzan extremadurar kaldereta dastatu ostean gaueko ordu txikietaraino luzatu zen festa batez ere jende gaztearen festarako gogoa medio.

Meza eta paella jana
Larunbata iristearekin batera, ekitaldi jendetsuenen txanda izan zen. Eguerdian meza ospatu zuten Extremadurar Etxean eta eguraldi txarrak kanpoko terrazan meza ospatzea oztopatu zuenez, egoitza barruan inprobisatu zuten aldarea Ama birjinaren irudia Guadalupeko monastegiaren argazkiaren aurrean ipiniz. Juan Luis Murua apaizak gidatu zuen zeremonia eta mezan elkarteko kide izan eta aurten zendu direnengatik egin zuten otoitz.
Goizean goizetik ordea, hasiak ziren haurrentzako jolasak prestatzen. Umeek ederki pasa zuten Jaizkibel plana era guztietako jokoekin, eta jakina, eguerdirako gosez ziren. Beraz, prezio merke eta ekonomikoak lagunduta, haur gazte eta helduek paella jana egin zuten Extremadura Etxean. Motz geratu ziren sukaldariak, bosta paella prestatuta bazituzten ere, azken unean beste bi egin behar izan zituzten ia ehun lagunei jaten emateko. 
Arratsaldean mus txapelketa eta Jaizkibel Plazako emanaldiaren ostean, gauean afaria egin zuten elkartean. Udal ordezkariak, Jose Antonio Vilaboa gipuzkoako probintzia-etxeen presidentea, Semblante Andaluz eta Donostiako zein Errenteriako Extremadurar Etxeetako lehendakariak egon ziren gonbidatu gisa.
Festen azken egunean, Semblante Andaluzeko Zambra taldeak emanaldia eskaini zuen eta urteroko bola-joko txapelketan emakumeek euren abileziak erakusteko aukera izan zuten. Argazki guztiak txintxarri.info-n.