“Taldean hobeto irakurtzen da”

Nerea Eizagirre 2013ko irailaren 9a

Euskal literaturaz gozatzen duten herritarrek txoko berezia izango dute Lasarte-Orian urritik aurrera, irakurle-txokoa. Hilabetero liburu bat izango dute hizpide, Uxue Alberdiren idazlearen laguntzaz. Ekimen berria asteartean aurkeztuko da Villa Mirentxun.

Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria izango da Lasarte-Oriako irakurleak euskal literaturan murgilduko dituen pertsona. Harekin izan gara solasean irakusle txokoen berri gehiago jakiteko.

Zer da irakurle-txokoa?
Irakurle txokoak edo klubak aldian behin biltzen diren irakurzalez osaturiko taldeak izaten dira. 
Aldiro, aurrez adosturiko liburu bat irakurtzen dute kide guztiek. Ondoren, elkarrekin komentatzen dute liburua; hainbat gai, genero, idazle eta estiloren inguruko solasaldiak eta gogoetak sortuz.

Zein da irakurle-txokoaren helburua? Jendeak irakurtzea? Literatura sustatzea?
Taldeko kide bakoitzak helburu propioak izan ditzake: norbere buruari irakurketa-disziplina sortzen laguntzea, literaturzaletasuna ingurukoekin partekatzea, idazleen sormen-prozesua ezagutzea, euskal literaturaren nondik norakoak ezagutzea eta sakontzea, hainbat gairi buruzko solasaldiez gozatzea...

Idaztea eta irakurtzea bakarlan gisa ulertzen ditugu sarri, baina taldean hobeto irakurtzen ikasten da, hamaika begik bik baino gehiago ikusten dute beti, irakurle bakoitzari testuaren alderdi desberdinek ematen diote arreta, ikuspuntuak trukatzen dira, zaletasun berberaren bueltako harremanak sortu...

Edonork parte hartu dezake irakurle-txokoan?
Gogoa duen edonork. Ez du axola asko irakurria edo irakurketan trebatu gabea izateak. Interesgarriena talde heterogeneoak sortzea da, adin, gustu, esperientzia, lanbide eta sexu desberdineko jendea; literaturak sorturiko ikuspegiak, gogoetak eta emozioak elkartrukatzeko.

Zein da irakurle-txoko baten dinamika?
Talde guztiak dira desberdinak, taldea osatzen duten pertsonek sortzen dute dinamika propioa. 
Normalean, liburuak eragindako inpresioez jarduten gara hasieran, gaingiroki; eta gero sakontzen da gaietan, pertsonaietan, sinesgarritasunean... Askotariko solasaldiak sortu ohi dira: liburuaren estiloari buruzkoak, tonuari buruzkoak, istorioari buruzkoak... Liburu batek beste liburu batzuetara eramaten gaitu, bizi izandako esperientzietara, beste garai eta geografia batzuetara... Abiapuntu komun batetik abiatu eta elkarrizketa sortzen da.

 Eta zein izango da zure lana? 
Irakurgaien proposamenak egingo dizkiet taldekideei eta denon artean adostuko dugu zein liburu jorratu. Hileroko juntadizoaren aurretik hautatutako liburuari buruzko kritikak eta elkarrizketak bidaliko dizkiet parte hartzaileei, idazleaz eta liburuaz gehiago jakin dezaten. 

Neu arduratuko naiz bi hilean behin idazle bat geure artera gonbidatzeaz ere, eta beti eramango ditut hizketa piztu dezaketen gaiak, harimuturrak, inpresioak... Eztabaidetan sobera ez interbenitzen saiatzen naiz, beste bat gehiago izaten, baina sua ez itzaltzeko ardura hartzen dut neure gain. Normalean, haseran, taldea oraindik egin gabe dagoenean, gehiago parte hartzen dut, giroa pizten ahalegintzen naiz, baina kideek laster hartzen dute konfiantza eta euren kabuz aritzeko mekanika.

Beste irakurle-txokoetan ere dinamizatzaile lana egiten duzu. Zu idazle izateak lan hori errazten al du?
Literaturzale amorratua naiz eta oso gustura egiten dudan lana da. Egunerokoan ez da erraza kalean, tabernan, etxean... literaturari buruzko solasaldiak izatea, eta luxua da grina bera konpartitzen duen jendearekin hitz egitea. 

Dinamizatzaile lanetan hasi aurretik idazle gisa ezagutu nituen irakurle-txokoak, eta beti erakarri izan naute. Harkaitz Canok dio literatur-klubak hil-beila koskorrak direla,  “idazle edo liburu baten zelebrazioa eta iruzkina, gorpua (idazlea/liburua) bertan dela (edo ez)”, eta inon ikustekotan hi-beila koskor horietan ikusten duela literaturaren etorkizuna.

Gaur egungo euskal literatura bakarrik landuko duzue? Edo antzinakoa eta itzulpenak ere landuko dituzue?
Taldekideen interesen araberakoa izango da hori, baina jarduten naizen beste taldeetan euskaraz sorturiko literatura (argitaratu berria eta argitaratu zaharra) eta euskarara ekarritakoa, itzulpenak, izaten ditugu mintzagai.

Urrian izango da lehen saioa, zein da landuko den liburua? 
Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat”, eta idazlea gurean izango da, harekin solasteko, galderak egiteko eta ikuspuntuak partekatzeko aukera izango da, beraz.

Beraz, beste irakurle txokoetan egiten den legez, idazleak gonbidatuko dituzue?
Aipatu legez, urrian Miren Agur Meabe etorriko da eta abenduan Harkaitz Cano “Twist” eleberriaz jardutera. Gerokoak taldekideon artean erabakiko ditugu.