Ikasturte berria hasi da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 9a

Herriko haur eta gaztetxoek gaur ekin diote ikasturte berriari. Hala ere, Landaberriko HHkoek bihar izango dute eskolan lehenengo eguna.

Ikasturte berria hasi da herriko haur eta gaztetxoentzat. Bukatu dira udako oporrak eta gaur bueltatu dira Sasoeta-Zumaburu eta Landaberrira. Azken honetan haur hezkuntzakoentzat bihar izango da lehenengo eguna.

Pozik bueltatu dira gehienak, eskolako lagunak ikusi eta opor kontuak ahotan. Lehenengo eguna zen ordea Zumaburun hiru urtekoen gelan elkartutakoentzat. Horiek bai gurasoen laguntza izan dute lehenengo egun honetan. Batzuk azkar moldatu dira eta jolasean aurkitu ditugu datozen ikasturteetan gelakideak izango dituztenekin beste batzuek ordea, negar batean hasi dute lehenengo egun hau.

Gurasoen artean urduritasuna ere nabaria zen. Haurrek nola erantzungo duten jakin ez eta gelan utzita eskola inguruan zain geratu dira taldetxoetan.

Hiru urtekoen gelan 22 ikasle izango dira Zumaburun eta Landaberrin 70 inguru "bi urtekoen gelatik pasatzen direnei 18 haur berri gehitu zaizkie". Bi urtekoen gelan hasten direnak 72 dira eta hauek bi txandetan banatuta ekingo diote bihar ikasturteari.